Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak proposatutako Idorte Planaren neurrietako bat da. Neurriaren lehentasunaren eta osasun-ondorioen inguruko kezkak areagotu dira.
Euskal Hirigune Elkargoak proposaturiko Idorte Planak hainbat ardatz ditu: ur baliabideen erabilgarritasuna optimizatu nahi dute, ur edangarriaren bilketa hobetu, sareetako ihesak murriztu eta ur ekoizpen guneak elkarlotu; finean, lurraldearen ur kontsumoa %10 murriztu nahi dute. Ondorioz, aurten hondartzetako dutxak itxiko dituzte.
Guillaume Barucq Miarritzeko hautetsiak neurria momentu desegokian hartu dela adierazi du, besteren artean Ostreopsis mikroalga toxikoaren itzulera jazo delakoan. Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak ez du kezka adierazi, “orokorki, hondartzan dutxatzen den jendea, sartzean, etxean ere dutxatzen da” adierazi du. Gainera, Alzurik erabiltzaileen kritikak itxoiten ari dela esan du.
Elkargoak uraren eta honen garbiketaren prezioen berrikuspena egin zuen. Lurralde osorako tarifa sozial bat hedatzea da beraien helburua, Kazetak jaso duenez. Tarifa berria finkatzean igoera duten harpidedunak 12 hilabetetako epean 50 eurora mugatu dute igoera; hileko 4,20 euroko gorakada. Prezio bereziak ere proposatu ditu etxekoa ez den erabilerarentzat, besteak beste laborantza, baratzezaintza edo abeltzaintzarako.