argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko hezkuntzako langileen lan baldintzak salatu dituzte
  • Frantziako Estatuan, hezkuntza arloan greba eguna deitu du astearte honetan Intersindikalak, langileen lan baldintzak okertu direla salatu eta hobekuntzak aldarrikatzeko. Goizean mobilizazioa antolatu dute Baionan eta LAB sindikatuak bat egin du grebarekin.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 26a
Argazkia: Today24

Oro har, lan baldintzak kaskarrak direla eta pandemiaren gestio okerrak baldintzak are gehiago txartu dituela salatu nahi dute langileek. Frantziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioarekiko “konfiantzarik eza” ere adierazi dute sindikatuek.

Gogoratu dutenez, agindutakoaren kontra irakasle gehienek ez dute soldatan hobekuntzarik izango, bereziki azpimarratu dute ezintasunen bat duten ikasleekin dabiltzaten hezitzaileek, irakasle-laguntzaileek, administrazioko langileek eta formazioan dauden irakasleek jasaten dituzten “lan baldintza prekarioak”, eta lanpostuen murrizketa salatu dute. Zehazki, 38 lanposturen murrizketa Pirinio Atlantikoko departamenduan.

Frantziako Gobernuak duen norabidearen beldur dira hezkuntza arloko eragileak.