Le Journal du Pays Basquen “oinordeko” bezala sortu da hedabide berria eta bere bultzatzaileek Info 7 irratian egindako elkarrizketan esan dutenez hutsune bat betetzea da helburua. Proiektu komunikatiboa urrian aurkeztu nahi dute eta hedabidea azaroan jaiotzea aurreikusten da.
Le Journal du Pays Basquen bezala hedabide berriak ere “monopolio bat” hautsi nahi du, egunkari abertzale hura sortu zenetik 12 urte pasa direnean, berriro “egoera beraren aurrean” daudela uste baitute proiektuaren bultzatzaileek.
50 pertsona inguru dabiltza lanean hedabidea aurrera ateratzeko baldintza egokiak sortu nahian. Hedabide berriaren bizirautea posible izan dadin 1.000 harpidedun behar dituzte, baina 400 sostengu nahikoa dira hedabidea sortzeko. Momentuz 300 lortu dituzte eta aste gutxiren buruan 400 izatea espero dute.
Krisiaren testuingurua “oso gogorra” dela diote Antton Etxeberria eta Goizeder Taberna kazetari bultzatzaileetako batzuk baina, “konfiantza” dute, oinarri soziala lortu eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko.
Hedabidearen plataformari dagokionez interneten hasiko dira baina paperera ere salto egin nahi dute, oraindik, ez dute zehaztu plataforma guztiak izen beraren azpian joango diren edo ez, ezta hedabidearen izena zein izango den ere. Aurkezpenaren egunerako laga dituzte argibide gehiago.