Beste sukar mota batek hartu ditu Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi azken aste hauetan: herriko bozak izanen dira Martxoaren 15 eta 22an. COVID-19 aren arriskuak ez du hauteskunde horien ezeztatzerik ekarri, ondoan hartzen diren neurriak ikusirik, koherentzia hautemaitea neke baldin bada ere.
Dena dela, Hiru lurraldeetako 160 herriek (Hirigune elkargoko 158+ Eskiula eta Jeztaze) beren udaletxetako taldeak osatuko dituzte datozen sei urteentzat. Hauteskunde bikoitza da, boto paper berarekin Euskal Elkargoko ordezkariak ere izendatuko baitituzte. Bi itzuliko hauteskundeak beti, baina bi molde bereizi behar dira.
Etiketak ez dira modan. Aurkezten diren zerrenda gehienek ez dute alderdi politikoen ikurrik agertzen beraien komunikazioan. Herriko hauteskundeetan, bereziki herri ertain eta txikietan, zerrenda «herritarrak» aurkezten dituzte, sensibilitate politikoen arteko nahasketak bezala. Zerrenda bakarreko herrietan, aski erraz uler daiteke, baina zerrenden lehia delarik ere pluraltasunaren ideia saltzen saiatzen dira, zerrendaburua argiki ideologia edo alderdi bati lotzen ahal zaiolarik frankotz.
Ipar Euskal Herri mailako estrategia berezia dutenak, alderdi abertzaleak dira. EHBai ezkerreko koalizioak 22 zerrenda sustengatzen ditu 1000tik gorako herrietan. Ezkerreko beste alderdi batzuekin aliantzak baditu, Europa Ekologia-Berdeekin (Baionan eta Donibane Lohizunen adibidez), alderdi sozialistarekin (Ziburun) edota Frantzia Insumisoarekin (Biarritzen eta Baionan).
EAJ alderdi ahulagoa da ipar Euskal Herrian bainan bere estrategia zentro-eskuineko zerrendetan hautagaiak txertatzea da (Baionan eta Urruñan adibidez). Bestalde, alderdiko bi alkate izanen dira, Arrosan eta Makean.
Gainerako alderdiak, Lapurdi itsasbazterreko herrietan agertzen dira bereziki:
160 herri 160 hauteskunde dira, baina kanpainatik gai batzuk atera behar balira, hona hiru:
Etxebizitza korapilo nagusi bat Lapurdin
Lehenbizikoa etxebizitzarena eta lurrarena. Ipar Euskal Herriko biztanleria 3.000ko batez hazten da urtean, eta zati handiena Lapurdiko kostaldean. Erakargarritasun horren ondorio zuzena etxebizitzaren garestitzea da.
Diagnostikoaren inguruan denak ados baldin badira, erremedio desberdinak dituzte batzuek eta besteek. Aipa daiteke, bigarren etxebizitzei zerga emendatzea, alokairu sozialeko apartamenduen emendatzea, kontratu solidario erreala (etxea erosi baina ez lurra)… Presio demografikoak hiri aldetik barnealderago ere eragina badu eta tarteko eremuko herri anitzetan hirigintza planen inguruko desadostasunek gaina hartu dute eztabaidatzeko orduan. Lurraren lehia bada etxebizitza, laborantza eta beste gisako aktibitate ekonomikoaren artean.
Hiritarren parte-hartzea: erronka
Hendaiatik Santa Garazira arte aipatu den gai bat, izan daitek herritarren parte hartzea herriaren kudeaketan. Jaka horien mugimenduak «demokraziaren hats-berritzeaz» ekarri duen ideiaren ondorioa ikusiko dute zenbaitek. Argi dena da zentralitatea hartu duela horrek hautagaien programetan. Auzapezaren figura bertikalaren parean, hainbat proposamen entzun dira: herritarrak gaikako lantaldeetan integratzea, auzoetako batzordeak sortzea, gazte batzordeak… Komunikazio tresnen garatzea aipa daiteke ere.
Ekologia herritik hasirik
Otsailean Hirigune elkargoak klima plan bat bozkatu zuen, urtebeteko lanketaren ondotik. Anbizioa duen plana, karbono isurien murrizteko eta klima aldaketaren ondorioei erantzuteko. Bestalde Bizi! Mugimendu ekologistak engaiamenduak galdegin dizkie hautagaiei. Eta promesa huts ala ez, gai horiek kondutan hartu dituztela badirudi. Puntu bat azpimarratzekotan, garraioena aipa genezake. Ipar euskal herria, orohar, automobilaren erreinua da. Garraio publikoen garatzea eta hiriak bizikletentzako egokitzea dira bi puntu nagusi
Euskal Hirigune Elkargoa. 2017ko urtarrilean sortu zen. Frantziako gobernuak, ipar Euskal Herrian nagusi zen Estatutu Bereziko Lurral Kolektibitatearen eskaerari eman zion erantzun bezala. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko mugak lehen aldiz finkatu zituen elkargo hori udalen arteko egitura da, lehenago ziren 10 elkargoak bakar batean urtu dituena. 10 elkargo horietako ordezkariak (2014an hautatuak) bihurtu ziren Hirigune elkargoko ordezkari.
Lehen aldikotz beraz, Euskal elkargoko hauteskundeak dira. BATERA plataformak, besteak beste, hasieratik galdegiten du sufragio unibertsal zuzenean hauta daitezen ordezkariak. Ez da hala izanen, aldi honetan segurik.
1000 biztanlez peko herrietan udal gobernuak izendatuko ditu bere ordezkariak. 1000 biztanlez goitikoetan, aldiz, zerrendaren boto paperean agertuko dira aitzinetik postu horietara bideratu dituzten kideak.
Elkargoak dituen eskumenetan: garapen ekonomikoa, laborantza, transizio ekologikoa, hizkuntz politika, turismoa, politika soziala etabar…
Hiru urteko ibilbide horretaz eginiko bilduman, ohartu dira herritarren eta erabaki guneen artean urruntasun bat badela. Elkargoaren aktibitatea eta zerbitzuak Baionan kontzentratu dira, eta aldi berean, urrunago diren eskualdeetan hautetsien inplikazio apaltze bat nabarmendu dute. Arazo horiei aurre egiteko, gobernantza itun berri bat bozkatu zuten osoko azken bilkuran.
Horretan adosten zuten «lurralde polo» deitzen direnei garrantzia gehiagoren emaitea, tokian tokiko erabakitzeko bertako proiektuak eta hurbilagotik deklinatzeko elkargoaren politikak.
Lurralde polo horiek 2017 aitzineko elkargoen perimetroetan bermatzen dira eta batzorde eragilean bakoitzeko bi kide aurkituko dira gutienez.
Euskal Kosta-Aturri
Baiona-Angelu-Biarritzen eremua, hots hiru hiri jendetsuenak. Elkargoko indarren oreka azkarki baldintzatuko duen eremua beraz.
Baionako auzapeza da Jean-René Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. 2014an doi-doietarik irabazi zuen hiriburua, Henri Etxeto sozialistari 26 botoz nagusituz, Jean Claude Iriarten abertzale-ezker mutur aliantza batekin osatu hiruen arteko lehian.
Aldi honetan Etxegaraik zentroa eta eskuina batu ditu lehen itzulitik. Parean, ezkerra zatiturik dago. Etxetok zerrenda sozialista gidatzen du, Mathieu Bergék alderdi sozialista utzi eta ezkerreko dinamika parte-hartzaile baten aitzindaritza hartu du eta Iriart abertzale-berde-insumiso zerrenda bateko auzapezgaia da. Eskuin muturreko zerrenda bat ere bada. Bigarren itzulian ezkerreko indarrek batzeko duten gaitasuna da gakoa izanen. Biarritzen Veunac zentristak beste sei zerrenda izanen ditu parean, bigarren itzuliko aliantzek emanen dute argitasun gehiago. Angelun Olive eskuindarrak ezkerreko bi zerrenda ditu parean.
Hego Lapurdi
Hendaian Ezenarro sozialistak 2014tik gaur arteko legealdia EHBaiko abertzaleekin egin du, baina igandean parean aurkituko ditu, Laetitia Navarron dutela buru. Pascal Destruhauten zerrenda Salaberri auzapez ohiaren taldea ere da; eta laugarrena, zerrenda komunista Laurent Tariolekin. Ikustekoa bi itzulien artean sozialistak eta abertzaleak berriz elkartzen ote diren.
Donibane Lohizunen eta Ziburun, orain arteko gehiengoak zatiturik aurkezten dira eta ezkerreko indarrak hautagai abertzaleen gibelean lerrokatu dira.
Errobi
Uztaritze 2014ko sorpresa izan zen. Abertzaleen inguruan eratu zen Uztaritze Baik herriko etxea hartu zuen. Legealdi denboran zatiketa bat izan da gehiengoan eta hautetsi batzuek haien lekua utzi dute. Bruno Carrerre auzapezak 2014ko aurkari berak izanen ditu, Dominique Lesbats auzapez ohia eta Jean-Claude Saint-Jean. Laugarren zerrenda bat sartzen da aldi honetan, Bruno Cendres zerrendaburu duela. Kanbon Vincent Bru diputatu Macronistaren talde ohia Christian Devèzek gidatzen du, parean Argitxu Hiriart-Urruti abertzalea. Itzuli bakarra izanen da
Errobi-Aturri
Bi hiri nagusietan, Mugerren eta Hiriburun zerrenda bakarrak dira. Roland Hirigoien eta Alain Hiriartek auzapez karguan errepikatuko dute.
Hazparneko Lurraldea
Zentro-eskuineko auzapeza da Beñat Intxauzpe Hazparnen. Parean, bi zerrenda izanen ditu. Alde batetik Isabelle Pargade auzapezorde izana, departamentuko kontseilaria, alderdi politikoekin loturarik ez duena orain arte agertu eta bestetik Kristian Etxetto abertzalea.
Bidaxuneko Lurraldea
Bidaxunen hiru zerrenda lehiatuko dira. Jean-François Lasserrek hartuko du Michel Dallemane auzapezaren taldearen gidaritza. Ez da deitura arrotza, eskualdeko politika segitzen duenarentzat, izan ere Jean-Jacques aita departamenduko presidentea da eta Florence arreba Baiona aldeko diputatua. Biak ere Modem (zentroa) alderdikoak. Beste hautagaiak Véronique Robert sozialista eta Laurent Lucmaret.
Iholdi-Oztibarre
Lurralde polorik txikiena. Armendaritzen 31 urte hauetan auzapez da Lucien Delgue LR (eskuina) alderdiko kidea. Parean zerrendabururik ez duen talde bat izanen du, hori posible da 1000 biztanle baino gutiagoko herria baita. Bi zerrenda Landibarren eta Larzabalen ere.
Amikuze
Lurralde horretako erdigunea da Donapaleu. Interes handia piztu du han gertatuko denak, Donapaleu kolorez aldatzen balitz, Amikuze eskualdearen kolorea ere alda lezakeelako.
Jean-Jacques Loustaudaudinek 25 urtez auzapez izan denaren taldearen aitzindaritza hartu du Barthelemy Agerrek. Agerre Lukuze herriko auzapeza da 1976tik (21 urte zituen orduan), hogei bat urtez departamenduko kontseilari eta gaur egun Akitania Berriko kontseilari. Laborari-enpresari-politikaria Amikuzeko figura nagusia da, eta ikusi beharko da ibilbide hori nola baloratzen duten Donapaleun.
Ez du lan erraza izanen, parean oposizioa batu baita Charles Mazondoren inguruan. LREM Macronen alderdiko hautagai ohi bat eta ezkerreko abertzale batzuk elkarlanean ari diren zerrenda ezohikoa da, baina zenbakiak begiratuz, duela sei urteko emaitzak batuz gehiengo osoa lortuko zuten. Itzuli bakarrean erabakiko da.
Garazi-Baigorri
Donibane Garazin, Alfontso Idiart auzapezaren oinordekotza aldarrikatzen du Laurent Intxauzpek. Zentro-eskuin eta eskuineko alderdien inguruan ibilia denak bere zerrenda talde zabala dela dio. Parean duela sei urte jadanik aurkeztu zen Xabi Larre abertzalea, ezkerreko sensibilitatea duen zerrenda batekin. Ikustekoa 2014ko emaitza hobetzen duen. Ehuneko 33 egin zuen. Baigorrin zerrenda bakarra, Jean Michel Koskaratek bigarren kargualdi bat eginen du.
Xiberoa
Maulen Mixel Etxebestek 2014ko arerio berak aurkituko ditu. Elkargoko lehendakariorde eta ekonomia arduradun denak oposizioaren kritikak jasan ditu bi proiekturengatik: Agerria hotelarena eta Espartinaren etxearena. EH Bai-k sutengatzen duen Beñat Elkegarai eta Louis Labadot komunistarekin lehiatuko da. Aitzineko aldian Etxebestek %47, Labadotek %42 eta Elkegaraik %10. Bi zerrenda Atharratzen ere.
Lehen itzuliaren itzulian Lehen itzulia