argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko haurtzaindegi euskaldunek laguntza eskatu dute, euskarazko zaintza bermatu ahal izateko
  • Euskarazko murgiltzea duten haurtzaindegiak aukeratzen dituzten guraso askok ez du horretarako aukerarik Ipar Euskal Herrian, eskaintza txikiagoa baita eskaera baino. Eskaera horri aurre egin nahian, langile bat gehiago behar dute, baina dirulaguntza publikorik lortu ez dutenez dirua biltzeko kanpaina abiatu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko irailaren 20a
Ttinka haurtzaindegia. Argazkia: Kanaldude

"Euskarak lehen haurtzaroan bizi duen egoera kezkagarriari aurre egiteko", dirua biltzeko kanpaina abiatu du Konkolotx elkarteak. 2022an sortu zen Konkolotx, eta euskarazko murgiltze ereduan ari diren Ipar Euskal Herriko zortzi haurtzaindegi eta haurtzain-etxeek osatzen dute: Biarritzeko Ohakoa, Hendaiako Txiki Txoko, Baionako Luma, Angeluko Xoko Ttipi, Mauleko Xübükota, Lakarrako Ttinka, Ziburuko Ttuku Ttuku eta Azkaingo Kilima.

0-3 urteetan umeak euskarazko haurtzaindegietan nahi lituzketen gurasoek maiz ez dute aukera hori, eta sistema elebiduenera edo frantses elebakarrera jo behar izaten dute. Eskaerari ahalik eta ongien erantzun nahian, Konkolotxek apustua egin du langile bat postu erdiz hartzeko, eta dirulaguntza eskatu dio Euskararen Erakunde Publikoari, baina “momentuz ezezkoa” jaso dute. Horren aurrean, "lehenbailehen lanean hasteko" eta "haur eta familia berriei euskarazko zaintza" eskaintzeko diru bilketa kanpaina jarri dute martxan.

"Hizkuntzaren transmisioa 3 urte aitzin hasten da eta murgiltzea da transmisioa segurtatzeko eredu eraginkorrena"

Eskaintza txikia euskaraz

Haurtzaindegien %29 Hirigune Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak kudeatzen duten label sistemaren barruan daude eta gehienak haurtzaindegi elebidunak dira. Tokien %5 baino gutxiago eskaintzen da murgiltzean. Haurtzain-exeen kasuan, %18k funtzionatzen du murgiltze ereduan (28tik 5 dira euskaldunak).

"Familia guziek euskarazko harreraren hautua egiteko aukera ukan behar lukete", diote Konkolotxeko kideek. Azken finean, "hizkuntzaren transmisioa 3 urte aitzin hasten da eta murgiltzea da transmisioa segurtatzeko eredu eraginkorrena".