argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko gazteen komunikabide elebidun berria aurkeztu dute
  • Bada du izena, eta Instagramen eta Facebooken hasiko du bere bidea, astero aktualitateko gai bat lantzen duen erreportaia zabalduz, eta asteko gertakari nagusiak laburbiltzen dituen emankizuna eskainiz. Euskaraz eta frantsesez arituko da, eta aurrera begira, Ipar Euskal Herriko hainbat hedabiderekin elkarlanean, plataforma gehiagotara jauzi egitea du asmo, eta eduki gehiago sortzea.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 19a

Bada komunikabidea sortu duten gazteek adierazi dute hutsune batek bultza dituela lan honetara, izan ere, pantailen bidez erdal erreferentziak jasotzen dituztela ia erabat: "Interneten murgildurik hezia izan den belaunaldi gisa, urteetan zehar pantaila aitzinean hedatzen zitzaigun mundu horrek gaizkizate nabarmen bat sortzen zigun. Izan ere, instagramen, twitterren, youtuben, blogetan edo interneten gazteen artean indarra hartzen duen espazioetan gure herritik kanpoko editoreak dira nagusi. Ipar Euskal Herriko gazteek pantailaz bestalde Frantzia mailako ahots eta idatziak dituzte nagusi, eta gehienetan ingeles edota espainolak ere, euskaldunak baino lehen".

Belaunaldi gaztearentzat Internet da informazio iturri nagusi eta jokaleku horretan arituko da Bada Ipar Euskal Herriko gazteentzat zuzentzeko: "Iparraldeko ekoizpenen bidez, sare sozialetan kontsumitzen diren formatuekin bat egiten duten edukiak sortzen hasteko baliabideak aurkitu ditugu". Instagramen eta Facebooken zabalduko dituzte edukiak hasieran, eta aurrera begira, Ipar Euskal Herriko beste hainbat hedabiderekin elkarlanean eduki gehiago zabaldu nahi dituzte hainbat plataformatan: twitter, youtube, spotify…

Helburu nagusiak

Gazteak informatzea da Bada hedabidearen helburu nagusia, gazte ikuspegitik: "Ildo editoriala gazteen interes puntu ezberdinetan oinarrituko dugu, beti ere berdintasunean oinarritu eta hau sustatzeko xedez, hala nola, iniziatiba ekologista, feminista, euskalzale, herrikoi, antiarrazisten…bidez".

Gazteak Ipar Euskal Herriko komunikabideak erabiltzera bultzatu nahi dituzte eta komunikazio tresnetan, kazetaritzan eta lurraldearen ezagutzan formatu. Horretarako ikastaroak antolatuko dituzte eta laguntzaile sare bat ere sortu dute, lekuan lekuko berriak, kontaktuak eta ezagutzak helarazteko.