Kanaldude herri telebistak eta EHZko komunikazio taldeak, gazteei zuzendutako web telebista jarri nahi dute abian. Emankizunean parte hartu nahiko luketen gazteak biltzea xede, bilkura irekia egingo dute Hazparnen azaroaren 22an.
EHZ Festibala kari, EHZko komunikazio taldea, Topatu.info eta Kanaldude elkarlanean aritu ziren, hiru egunetan festibaleko jarraipen berezia egiteko xedea zuen webTB saio bat proposatuz. "Bertan izandako esperientziaz aberasturik", proiektu berri bat abiatu nahi dute: Ipar Euskal Herriko gazteen hilabeteroko webTB saioa, "gazteek egina, berek sortutako edukiarekin".
"Proiektuaren ideia abian bada ere, galdera anitz dira airean. Interesatuak izan liratezkeen gazteei proiektu finko bat proposatu ordez, beraiekin batera landu nahiko genuke, zer eta nola egin dezakegun denen artean erabakiz", azaldu dute sustatzaileek. Horregatik, bilkura publikoa egingo dute azaroaren 22an Hazparneko Mimi ostatuan. "Gazte iniziatiba ezberdinei ahotsa emateaz gain, euskara hutsezko multimedia proiektu batean inplikatzea litzateke xedea".