argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko film eta bideo ez profesionalak berreskuratu nahi dituen proiektua aurkeztu dute
  • “Gure irudi galduak” proiektua aurkeztu dute Baionan astelehen honetan, XX. mendean Ipar Euskal Herrian filmatutako pelikulak berreskuratu nahi dituen egitasmoa. Manuel Ynchaustik grabatutako pelikulen funtsa berreskuratuz abiatu da.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 10a
Manuel Ynchaustiren etxean zeuden bideoekin abiatu da proiektua.

Ynchaustik grabatutako 190 bobina berreskuratu dira “Gure irudi galduak” egitasmoaren barruan, astelehen honetan proiektuaren sustatzailea den Josu Martinezek azaldu duenez, Naiz.eus hedabidean jasotako informazioan. Euskaltzale honek bere kamerarekin jaso zituen irudiak Euskadiko Filmategira eraman dituztela jakinarazi dute. Beheko bideoan ikus daitezke irudi horietako batzuk, proiektua aurkezteko prestatu duten muntaian.

Funts horretatik abiatu badira ere, asmo zabalagoa dauka “Gure irudi galduak”-ek: 1990eko hamarkada baino lehenago grabatutako pelikulak eta bideoak biltzea, digitalizatzea eta zaintzea. Euskadiko Filmategian gordeko dira kopia digital horiek, irudien jabeek jatorrizko kopia eta haren erabilera eskubideak mantenduz. Hortaz, herritarrei eskatu diete etxean eduki ditzaketen ikus-entzunezko materialak ez galtzen uzteko.

Indar asko batu behar izan dira honako proiektu hau martxan jartzeko: Gastibeltza Filmak, Euskadiko Filmategia, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarea eta EHUko Nor ikerketa taldea.

Ynchaustiren etxean gordetako altxorra

1960ko hamarkadan zendutako euskaltzaleak sekulako lana egin zuen Eusko ikusgayak dokumental sorta ekoizteko: pelikula etnografikoak ziren, euskal kultura tradizionaleko eszenak jaso zituztenak. Eta lan horiek duela 40 urtetik Euskadiko Filmategiaren esku bazeuden ere, Ynchaustik eta haren senitartekoek beren kasa grabatutako beste irudi askok ez zuten patu bera izan: familiak Uztaritzen daukan etxean zeuden gordeta.

Irudi horien bidez, aurretik ikusi gabeko XX. mendeko Euskal Herriko imajinak berreskuratu dira, baita atzerriko zenbait herrialdetakoak ere –Shanghai, Japonia, Kanada, Italia, Palestina eta Espainiako Estatua, besteak beste–. Euskal kulturako pertsonaia ezagunak ere agertzen dira, hala nola Xalbador, Jose Miguel Barandiaran, Piarres Laffite edo Telesforo Monzon.