argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko euskal komunikabideek finantziazio “iraunkorra” galdetu diete instituzio publikoei
  • Apirilaren 22an azterketak euskaraz pasatzearen alde Baionan eginen den manifestaziora deitu dute Kazeta.eus, Euskal Irratiak, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria eta Kanaldude komunikabideek. Agiri horren baitan agertzen da EEP eta Euskal Elkargoaren hizkuntza politikari buruz duten irakurketa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko apirilaren 13a
Euskal Irratiak (argazkian), Kanaldude, Herria, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Kazeta.eus dira elkarteko kideak. Argazkia: Euskal Irratiak

Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak marrazturiko hizkuntza politikaren "anbizio eskasa" egunerokoan "oztopo" dutela dio Ipar Euskal Herriko euskarazko komunikabideak biltzen dituen elkarteak. Gaur egungo laguntzen heina dela eta, beharrak bete ezinean dabiltzala erranik, "finantziazio iraunkorra" galdatzen diete lekuko instituzioei. Salbuespenezko laguntzen ordez "laguntza zuzena" edota publizitate instituzionala euskarazko hedabideei ere bideratzea eskatzen diete Kazeta.eus, Euskal Irratiak, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria eta Kanaldude-k. Gainera, frantsesezko komunikabideekin lehiatu beharrean direla eta, are beharrezkoagoak dituzte finantzazio horiek.

Agiri bidez zabaldu dute beraien irakurketa bateratua, apirilaren 22an Baionan eginen den manifestazioaren karietara. Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko hitzordu garrantzitsua izanen dute larunbat horretakoa eta irakurle, ikusle eta jarraitzaile guztiei luzatu diete bertaratzeko deia.

Euskal Konfederazioak ere kritika bera

Euskalgintzako eragileak batzen dituen Euskal Konfederazioa ere kritiko agertu da EEP zein Euskal Hirigune Elkargoaren hizkuntza politikari begira. Hori horrela, apirilaren 22an karrikak hartzeko deia luzatu du euskalgintzako eragile inportante horrek ere: "Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea eta euskalgintzako elkarteentzat baliabide egokiak aldarrikatzeaz gain, hautetsiei ardurak dituztela oroitaraziko diegu, beren gaur egungo pasibotasuna salatuko dugu eta oihukatuko dugu euskara desagertzen ez dugula utziko".
Martxoaren 31n plazaraturiko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak esku artean zabaldu du irakurketa hori. "Datu kezkagarriak", proportzioz euskal hiztunen heina ttipitu delako eta euskararen erabilpena ere gutxitu delako duela bost urteko datuei alderatuz.

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2021ean Iparraldean bizi diren 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 20,1 euskalduna da, % 9,4 euskaldun hartzailea eta % 70,5 erdaldun elebakarra. Kopuru absolutuetan beraz, 51.500 euskaldunak dira, 24.000 euskaldun hartzaileak eta 180.500 erdaldunak.