argia.eus
INPRIMATU
Hildako bat eta kalte larriak uholdeen eraginez
  • Ostegun gauean hasitako euriteek kalte larriak eragin dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako zenbait herritan. Izura eta Uharte-Hiri artean 84 urteko gizon bat hil da urak eramanda. Baztanen (Nafarroa) ere ibaiak gainez egiteak arazo larriak sortu ditu. Kalte handienak Elizondon eta Erratzun izan dira.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 04a
Euskal Herriko hainbat lekutan egin dute gainezka urek (argazkia: @aran_txai).

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoerari erantzun nahian, Prefekturak operazioa abiatu du. Errobi eta Uhaitza ibaiadarrak atera dira eta hainbat informazio iturriren arabera, arazo gehien Maule, Donibane Garazi, Baigorri eta Larzabale inguruetan sortu dira.

Ura etxe askotan sartu da eta Baigorri eta Garazi artean zenbait lagun teilatuetatik atera behar izan dituzte. Telefono lineak, elektrizitatea eta errepide ugari ere moztuak izan dira.

Iparraldekohitza.info-n irakur daitekeenez, Donibane Garazi osoa urpean geratu da eta herriko sarrera-irteerak blokeatuak dira. Baigorrin ur maila igotzen ari da zentro zein irteeretan eta Bankan euriak eragindako lokatzak etxeak gainditu ditu. Maulen ere, erreka alboko etxeak ur azpian geratu dira, baita Jatsu eta Uztaritze arteko errugbi zelaia ere.

Euskal Irratietan gertuko informazioaren jarraipena egiten ari dira Irulegiko irratitik, Gure Irratia eta Xiberuko Botza emititu ezinda geratu baitira. Euskalirratiak.info webgunean goizean zehar batu dituzten lekukotasunak jarri dituzte entzungai.

Ezterenzubiko auzapez Jean Louis Poydessusek “dena igerian da egun” adierazi du Iruelgi Irratian. Etxean atera ezinik geratu da eta eskola ur azpian eta bide guztiak trabatuak geratu direla azaldu du.

Moztutako bideak

Iparraldeko hitzan jaso dutenaren arabera, moztu diren errepideak ondorengoak dira: Baigorri eta Azkarate lotzen dituen RD 948a, RD 933a Larzabalen, Ortzaize eta Baigorri lotzen dituen RD 918a, Pagolan RD 362a, Sohütan RD 860a eta Ospitalepean RD 859 bidea.

Baztanen ere larri

Nafarroako Gobernuak ere larrialdi planaren lehen maila ezarri du. Bertako iturriek adierazi dutenez, kalte nabarmenenak Elizondon eta Erratzun izan dira. Elizondoko kaleak urpean geratu dira eta urek auto asko eraman dituzte.

Larrialdi zerbitzuak Elizondoko igerilekuetatko eraikinetik emakume bat atera behar izan dute, garbitzera joana zen andrea, urak harrapatuta atera ezinik geratu baita. Zaharren egoitzatik ere beste lagun bat erreskatatu dute. Javier Morras kontseilariaren hitzetan, "arrisku handiko" ererskateak izan dira eta urpekariek ere parte hartu behar izan dute horietako batean.

Etxetik ez ateratzeko gomendioa

Alerta laranja ezarri dute agintariek, atertu ezean uholdeak handitzen joan daitezkeelako. Prefekturak operazio berezia martxan jarri duen arren, suhiltzaileak toki batzuetara iristeko zailtasunekin ari direla jakinarazi dute. 30 eta 60 mm arteko ur metaketa espero da datozen orduetarako, eta mendi inguruetan 100-120 mm artekoa.

Urak gainez egiten duela ikusiz gero, goiko solairuetara igotzea eta ahal den neurrian, etxetik ez ateratzea eta autorik ez hartzea gomendatu dute.

Informazioa minutuz minutu:

Twitterren #uholdeak traolaren bidez ari dira euriteen ondorioen berri ematen hainbat erabiltzaile eta hedabide: