argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko eskoletan murgiltze eredua eskatzeko gida plazaratu dute
  • Eskolan murgiltze eredua ezartzea eskatu duten ikastetxeei trabak jarri izan dizkie Frantziako Hezkunde Nazionalak. Eskaera bideratzeko prozesua zehazten duen gida onartu du orain Euskararen Erakunde Publikoak.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 19a

Gida martxoaren 31n onartu zuen EEPk, Biltzar Nagusian, eta hainbat urrats jasotzen ditu, Kazeta.eus-en kontatu dutenez.

Eskaera eskola kontseiluko edozein kidek egin dezake, eta lehenik gutuna idatzi behar die bai Hezkunde Nazionalari, bai EEPri, horren berri emanez.

Ondoren, bilkura antolatu beharko da, gurasoei proiektua ezagutarazteko asmoz. Hezkunde Nazionala, Herriko Etxea, EEP, talde pedagogikoa eta gurasoen ordezkariak izango dira bilkura horretan.

Hirugarren urratsa izango da eskolako zuzendariak txosten pedagogikoa prestatzea, murgiltze proiektua azalduz, eta txostena bidaliz eskaera ofiziala egitea Pirinio Atlantikoetako Hezkunde Nazionaleko zuzendaritza akademiari.

Kazetan ohartarazi dutenez, 2023ko urtarrila amaitu aurretik egin behar da eskaera.