argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko bizitegien %20 baino gehiago dira bigarren etxebizitzak
  • Euskal Hirigune Elkargoak eskaturiko ikerketaren emaitzak plazaratu ditu AUDAP Atlantikoko eta Pirinioetako Hirigintza Agentziak. 42.000 eta 46.000 bigarren etxebizitza artean zenbatu ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barrena.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko maiatzaren 18a

Jabeek egin ditzaketen jukutriak direla eta ez da erraza bigarren etxebizitzei buruzko datu zehatza lortzea. Baina AUDAP Atlantikoko eta Pirinioetako Hirigintza Agentzia aritu da urte batez esparrua ikertzen, Frantziaren estatistikarako eta ikerketa ekonomikoetarako INSEE egituraren zifrak eta zergetan deklaraturiko datuak alderatuz. Datuak esku artean, Ipar Euskal Herriari dagokionez, ondokoa jakinarazi du: bizitegien %20 baino gehiago dira bigarren etxebizitzak; guzira 42.000 eta 46.000 artean dira denbora handian hutsik. Euskal Hirigune Elkargoak eskaturiko ikerketaren emaitzak plazaratu ditu agentziak.

Bizitegien prezioak gora

Aterpeen prezioak gora doazela agertzen da ikerketan. Fenomenoa ez da berria, baina ez doa hobetuz: 2016 eta 2022 artean jabetzen %82aren prezioak emendatu dira. Prezioen emendioa are nabarmenagoa da bigarren etxebizitzentzat: "Soilik bigarren bizitegietako transakzioak kontuan hartzen baditugu proportzioa %82tik %87ra igotzen da. (...) Horrek erran nahi du bigarren egoitzak garestiago trukatzen direla egoitza nagusiak baino. Bistan da, horrek merkatuko prezio guziak emendarazten ditu".

Herrian Bizi plataformaren borroka

Herrian Bizi deitu plataformaren borrokarako datu garrantzitsua da AUDAPek zabaldurikoa. Hain zuzen, bigarren etxebizitzen aurkako borroka gogortuko duela abisatu zuen apirilaren 1ean buruturiko manifestazioko hitz hartzean: "2024eko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu gehiago onartuko lehen etxebizitzarako izan behar lukeen etxebizitza bat erostea bigarren etxebizitza bat bilakarazteko. Euskal Herrian bizi nahi dutenen kontrako eraso bezala kontsideratuko dugu. Deialdi honekin beraz, saltzaileei baina batez ere bigarren etxebizitza erosi nahi dutenei zuzentzen gatzaie publikoki".

 315.195 etxebizitza dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Horietan, %6ak dira urte osoan hutsik.

 

..