argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko artistek Fronte Herritar Berria bozkatzeko deia egin dute
  • Eskuin muturra garaile izateak kultura eta gizarte mailan ekar dezakeenaren ikuspuntua partekatu dute, adierazpen bateratu baten bitartez. Guztira 94 artista eta kultur eragilek sinatu dute idazkia momentuz.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 05a
Argazkia: AFP

Ekainaren 30ean izandako Frantziako Estatuko hauteskundeek erreakzio ugari piztu dituzte. Frantziako Estatuan, botoen %34 lorturik, eskuin muturra izan zen garaile handia, eta 2017an ultraeskuinak zituen zortzi diputatuetatik, lehen itzulian 289 izatera igaro da. Ipar Euskal Herrian (IEH) aldiz, ezkerreko Fronte Herritar Berria (FHB) izan da lehen itzuliko garailea, baina, hala ere, ezkerreko kideek “erantzukizunez bozkatzera” deitu dute uztailaren 7ko bigarren itzuliari begira.

Ipar Euskal Herriko artistek adierazpen bateratua egin dute eta FHB bozkatzeko deia egin dute. “Ezinbestekoa” jo dute ezkerra bozkatzea, “artistek eta kultur eragileek askatasunez sortzeko aukera izan dezaten, kultura herrietan hedatzeko eta herriak kultura bere eskuetan izan dezan”. Eskuin muturra boterera iristeak ekar dezakeena adierazi dute: “Eragotzi behar dugu boterea ikuspegi estu, zikoitza eta aldebakarrekoak dituztenek eskuratzea”.

IEHko artisten ikuspuntutik, ezkerraren alde bozkatzeak ekarriko lukeenaren zerrenda bat egin dute: zerbitzu publiko indartsu eta independentea, justizia sozial handiago baten bermea, emazteen eskubideen aldeko politikak, LGBTQI+ eskubideen defentsa, etorkinen integrazioa eta babesa, hizkuntza gutxituen alde borrokatzea eta ingurumenaren babesa eta zaintza. Kulturak transmititzen dituen balioak nabarmendu dituzte, eta argudiatu dute “gorrotoaren, banaketaren eta askatasunen murrizketen aurka” egiten duela.

Kulturak gizartearentzat duen garrantzia azpimarratu dute, eta horrek “herria egiten” duela eta IEHko gizartearen “nortasunaren ezinbesteko atal” bat dela argiadiatu dute. Kulturak “eremu sozialaren garapena” sustatzen duela adierazi dute, eta horrek “elkartasuna eta batasuna” indartzen dituela eta “irudimena eta ezagutza” zabaltzea ekartzen duela.

Momentuz, IEHko 94 artista eta kultur eragilek sinatu dute adierazpena, tartean dira Anje Duhalde, Irantzu Idoate, Miren Artetxe,  Jurgi Ekiza eta Manex Fuchs.