argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko alokairuak erregulatzeko aukerari bidea ireki dio Eric Spitz prefetak
  • Vincent Bru diputatuak aurkeztu zituen hainbat emendakin 3DS différenciation, décentralisation, déconcentration, simplification [diferentziazioa, deszentralizazioa, deskontzentrazioa,sinplifikazioa] lege proiektuari, iazko azaroan. Tartean, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko gisan, alokairuak erregulatzeko orain arteko aukeraren moldaketa. Ipar Euskal Herriarentzako, etxebizitzari buruzko batzorde estrategiko baten sorrera ere iragarri du Frantziaren ordezkariak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko otsailaren 03a
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio jendetsua, iaz Baionan (Irudia: Alda)

Ipar Euskal Herriak duen etxebizitza arazoa “benetako arazoa” dela erranik, hainbat neurri aurkeztu die Frantziako Gobernuaren ordezkari Eric Spitz prefetak lekuko hautetsiei. Tartean, alokairuak erregulatzeko mekanismoaren sorrera. Berez, Euskal Hirigune Elkargoak ez du ELAN Legeak dakarren eskumen hori baliatzeko ahalik, legeari segi, soilik etxebizitza arazoa duten lurraldeei bideratua zaielako, baldin eta etxebizitza gutxi eraikitzen den eremua baldin bada. Etxebizitza arazoa izanik ere, anitz eraikitzen den lurraldea da Euskal Hirigune Elkargoarena.

Baldintza hau moldatzeko bidea ireki zuen iazko azaroan Vincent Bru diputatuak, 3DS différenciation, décentralisation, déconcentration, simplification lege-proiektuari egindako emendakinarekin. Jean-René Etxegarai elkargoko presidenteak ere bide beretik jo zuen duela zenbait aste, eskaera bera luzatuz prefetari.

"Irailetik aitzina" bideratzen ahalko dute alokairuen erregulazioa, Etxegaraik zehaztu duenez. "Pozik" agertu da lekuko hautetsia.

Azaroaren 20an, 8.000 lagun batu ziren Baionan, espekulazioaren aurka eta etxebizitza eskubidearen alde. Aterpetzeko eskubidea bermatuko lukeen "etxebizitza politika ausarta"  galdetu zitzaien lekuko hautetsiei.

"Estatuak, Departamenduko Kontseiluak eta hiriguneen arteko elkargoak entzun dute manifestariek ozen oihukaturikoa" prefetaren hitzetan. Adierazpen hauek Ziburun egin ditu, Amarra proiektuaren aurkezpenaren kari. Hamabi etxebizitza sozial eraiki ahal izateko eraikina eskaini dio Frantziak Zibururi.

Batzorde baten sorrera

Etxebizitzari buruzko batzorde estrategiko baten sorrera ere iragarri du departamendu mailako prefetak: "Botere publikoek etxebizitzaren arloan emandako benetako erantzunaren abiapuntua dugu batzorde estrategiko hau". Arazoaz hitz egiteaz gain, soluzioei buruz gogoetatuko du batzordeak: "Prezioak kudeatu, tresna fiskalak planteatu, kontrolak bideratu, erregularizazio tresnak sortu".

Frantziako Estatua, Pirinio-Atlantikoetako departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa, Banque des territoires erakundea eta bizitegi sozialaren arloko erakunde nagusienek osatuko dute. Otsaila erditsutan eginen dute lehen bilera.

Bigarren etxebizitzen biderkatzea, turismora bideraturiko bizitegiak, etengabean emendatuz doazen alokairuak, etxebizitza sozialen eskasia, laborantza lurren artifizializazioa eta prezio espekulatiboak, Ipar Euskal Herriko panoramaren deskribapena egin zuen ARGIAk "Hautetsien interpelazioa eta protesten biderketa dakarzki arazoaren larriagotzeak" erreportajean.

EH Bai-ren gutuna

Gutuna bidali dio EH Bai ezkerreko koalizio abertzaleak Eric Spitzi, hiru eskakizun kontuan hartzea eskatuz:

- Etxebizitza arazoa pairaturik "tentsio pean dagoen eremua" zabaltzea, herriko etxeek eskura ez dituzten legezko tresnak eskuratu ahal izateko. Adibidez, bigarren etxebizitza eta etxebitza hutsen gaineko zerga gehigarria ezartzeko aukera eskuratzen ahalko luke herriko etxe gehiagok.

- Alokairuak arautzeko dispositiboak indartzea.

- Egoiliar estatutua bezalako neurriei buruzko gogoeta abiatzea, ahalik eta bigarren etxebizitza gutxien egoteko. Horrek jabegoaren inguruko gogoeta bultzatuko luke EH Bai-ren ustez. Estatutu horri buruzko azterketa juridikoa martxan jarri behar dela uste du koalizioak.