argia.eus
INPRIMATU
“Metamorfosi ekologikoaren” aldeko martxa antolatu du Bizi!-k
  • Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko udal hauteskundetarako hautagaiek trantsizio ekologikoaren alde egitea nahi du elkarte ekologistak. Presioa jartzeko eta gaia jendarteratzeko, martxa bat eginen du martxoaren 2tik 7ra, Mauletik Baionara. Martxoaren 15 eta 22an izanen dira udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 15

Ipar Euskal Herria trantsizio ekologikoari lotzea nahi du Bizi! elkarteak. Aurreko hauteskundeetan egin zuen bezala, aurten ere jo du hautagaiengana, trantsizio ekologikoari buruz daukaten postura argitzea galdetuz. “2020-2026 denboraldia erabakigarria izanen da beroketa klimatikoaren kontrako borrokan. Gure esku diren medio guztiak erabili nahi ditugu ekologia hauteskunde hauetako gai bazterrezina bilakatzeko”.

Konpromiso argiak hartzea eskatzen die elkarteak. Horra hautagaiei galdetua zaiena: energia berriztagarrien garatzea; ekonomia zirkularraren alde egitea eta zaborren gutxitzeko neurriak gauzatzea; eusko monetaren erabilpena sustatzea; tokiko eta kalitatezko laborantza sostengatzea; kalitatezko garraio publiko baten alde lan egitea; baita elektrikaren kontsumoa ttikitzeko neurriak garatzea ere. Konpromisoa hartu nahi duenak “metamorfosi ekologikoaren ituna” izenpetuko du.

Martxa, martxoaren 2tik 7ra

Martxoaren 15 eta 22an eginen dira Ipar Euskal Herri mailako herrietako bozketak. Hautagaitzak presionatzeko asmoz, baita gaia jendarteratzeko xedez ere, egun batzuk lehenago martxa bat bideratuko du Bizi!-k. Hain zuzen, egoeraren larritasuna eta urgentzia ikusirik, klima aldaketa hauteskundeetako “gai nagusi” izatea nahi du elkarteak. Martxoaren 2an Mauletik abiatu eta hiru lurraldeak zeharkatuko ditu, martxoaren 7an Baionara heltzeko. Maule, Izura, Donibane Garazi, Baigorri, Ortzaize, Kanbo, Uztaritze, Miarritze, Angelu eta Baiona hiriak lotuko ditu ibilbideak. Martxa Uztaritzetik iraganen den egunean (martxoaren 5a) plazaratuko dute ituna izenpetu dutenen zerrenda. Ofizialki eta publikoki izenpetzeko aukera ukanen dute hautagaiek, Uztaritzen bertan.

Herritarren inplikazioa “beharrezkotzat” joz, martxaren antolaketan eta hautagaien interpelazioan inplikatzeko gomita luzatu die herritarrei Bizi-k.