Ipar Euskal Herrian ere atera da garaile Emmanuel Macron, botoen %76,52 lorturik. Abstentzioak, baliogabeko botoek eta boto zuriek ere presentzia handia ukan dute, orokorki, aurreko hauteskundeetan eta zehazkiago, lehen aldiz Le Pen bigarren itzulian kokatu zen 2002 urtean baino askoz handiagoa.
Frantzian bezala, Ipar Euskal Herrian ere gailendu zaio eskuin muturreko Marine Le Penei En Marche mugimenduko Emmanuel Macron. Aldea nabarmenagoa izan da ordea: botoen %76,52 lortu ditu Macronek eta Le Penek %23,48. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko emaitzak Frantziakoei alderatuz gero, lehen itzulian agerturikoa baieztatu egin da bigarren itzulian ere: sostengu zabalagoa lortu zuen apirilaren 23ean Macronek (%23,9 Frantzian, %25,06 Ipar Euskal Herrian) eta Le Penen aldekoak ez ziren hain indartsu (%21,7 Frantzian, %13,5 Ipar Euskal Herrian).
Aipatu beharreko beste elementu bat da abstentzio, baliogabeko bozka paper eta boto zuriarena. Lehen itzulian baino handiagoa izan da bozkatzeko urratsa eman ez dutenen portzentajea eta boto zuri eta baliogabekoen kopurua ere azkarki emendatu da. Hala nola, Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan %21,96koa izan da abstentzioa, hots, 110.333 hautesle ez dira bozkatzera joan. Joandakoen artean %10,55ak ez du ez bata ez bestearentzat bozkatu, hots, 52.996 boto emailek. Abstentzionistekin ez bada argi zein heinetaraino den desinteresa edota hautu politikoarena, boto zuri edota baliogabekoekin garbiki agertzen da bigarren itzuliko hautagaiekiko desadostasun politikoa. “Ez bata ez bestea” mezua entzunarazia izan da Ipar Euskal Herrian ere. Adibidez, lehen itzulian ezker muturreko Jean-Luc Mélenchon lehen indar atera zen Maule hirian, abstentzioa %24,14ekoa izan da eta boto zuri eta baliogabeen partea %11,44koa. Alegia, hautesleen herenak ez du ez bata ez besteari sostengua adierazi. Horrez gain, sostengatzaile andana Ipar Euskal Herrian duen Jean Lassalle hautagaiak bigarren itzulian zuri bozkatzera deitu zuela oroit gara.
Lehen itzulian Le Penentzat bozkatu ez zutenen, baina aldi honetan hobetsi dutenen partea ere esanguratsua da. Lehen indarra inon ez bada atera ere, bere alde joandako boto kantitateak nabarmen gora egin du, bai hiri bai herrixketan. Hautuz alderdi xenofoboa lehenesten ez badute ere, eskuin muturra boterera eramaten laguntzeko prest den jendea bada Ipar Euskal Herrian. Demagun Baionan 4.668 boto lortu ditu, lehen itzulian baino 1600 gehiago; Donibane Lohizunen 1.636 boto, aurrekoan baino 675 gehiago; Donibane Garazin 83 boto biltzetik 147era pasa da; Alduden 18tik 49era; Ahatsan 11tik 25era; Atharratzen 29etik 61era.. Hauteskundez hauteskunde emendatuz doa eskuin muturra eta urrats bat gehiago eman du Frantziako lehendakaritzako bigarren itzuli honetan.
Frantziako lehendakaritza hautaturik, ekainean burutuko diren Legebiltzarreko bozketei begira jarriak dira orain alderdi politikoetako ordezkariak.