argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua 21:00ak arte luzatu dute
  • Azken zazpi hilabeteetan Ipar Euskal Herriko tabernetako terrazak itxita egon ondoren, halaber, gaur ireki dituzte jende andana bilduz. Etxeratze aginduak ordutegi hori izango du ekainaren 9ra arte.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko maiatzaren 19a
Arg.: France Bleu PB

Europako herrialde gehienetan ematen ari den irekierarekin bat, horiek dira Ipar Euskal Herrian eman diren aldaketarik garrantzitsuenak. Terrazak oraindik %50eko edukierarekin ireki daitezke. Kultur guneak ere irekitzen hasiko dira asteburu honetan, besteak beste zinemak.

Taldeak biltzeko kopuruen debekuak bukatu dira Nafarroan

Asteazken honetan Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak iragarri duenez, aurrerantzean ez da talde bilkurei buruzko debekurik. Hala ere, gobernuak aholkatu du ez biltzeko zortzi lagun baino gehiago eta gehienez hiru bizikidetza-unitatekoak. Neurria datorren ostiraletik aurrera –maiatzak 21– sartuko da indarrean ekainaren 3a arte, baldin eta Justizia Auzitegi Gorenak aurkakorik esaten ez badu.

Beste hainbat neurri ere iragarri ditu kontseilariak: iazko urritik itxita dauden peña eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dituzte, beti ere edukieraren %30arekin. Akademien, igerilekuen edo liburutegien ordutegia ordubete luzatuko da, eta orain 22:00ak arte egon ahal izango dira zabalik.

Saltoki txikien edukiera %60ra zabaldu da, haur parkeek ez dute mugarik izango eta merkataritza guneen edukiera %40ra arte handituko da. Beste neurri ugari ere hartu dira eta Nafarroako Gobernuko lotura honetan kontsulta daitezke denak.