Uztailaren 15ean bederatzi hitzordu ezberdin emango ditu Ostia kolektiboak Ipar Euskal Herrian, lurraren eta etxebizitza eskubidearen defentsan, eta espekulazioaren aurka.
Larunbat goizerako antolatu du Ostia sareak “mobilizazio eta borroka eguna” Ipar Euskal Herri osoan. Ahetze, BAB, Kanbo, Maule eta Arberoako haranean biltzera deitu dituzte herritarrak.
Ostiak ateratako agirian hurrengoa adierazi du: “Lurra eta etxebizitza, logika kapitalistan preso, merkantzia bilakatzen ari dira geroz eta gehiago, gure oinarrizko beharrei erantzun beharrean”. Hitzordu desberdinak antolatu dituzte: Saran 9:00etan, San Inazio lepoan; Arberon lau hitzordu, 9:00etan Donoztirin, 9:30tan Donamartirin, 10:00etan Izturitzen eta 10:30ean Aiherran; BABen 10:30ean, Aguilera estadioan; Ahetzen, 11:00etan, Larre Luzea etxearen aitzinean; eta Kanbon 11:00etan, Marieniako lurretan.
Eguna amaitzeko, ekainaren 27az geroztik okupatua daukaten Senpereko Olha etxaldean festa antolatu dute. Ostia sareak, ELB, Lurtzaindia eta Senpertarren kolektiboaren ekimena izan zen etxaldearen okupazioa.