argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrian azterketarik ez da egingo hirugarren ebaluazioan
  • Ezin denez segurtatu azterketak baldintza onetan egin ahal izatea, ekaineko azterketa guztiak bertan behera utzi ditu Frantziako Hezkunde Nazionalak, frantsesezko ahozkoa salbu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 19a

Frantziako Hezkunde Nazionalaren parte den Bordeleko Errektoretzatik iritsi da Ipar Euskal Herriko ikastetxeetara hirugarren hiruhilekoko ebaluazioa pasatzeko moldearen berri: ezin denez segurtatu azterketak baldintza onetan egin ahal izatea, ekaineko azterketa guztiak bertan behera utzi dituzte, frantsesezko ahozkoa salbu. Azterketa hau Batxilergoko 1. mailako ikasleek pasatzen dute, eta testu literario bati buruzko ahozko azalpena eta solasaldia egitea da froga, beste ikastetxeetako irakasle baten aitzinean.

Ebaluazio jarraitua eta ikasturteko nota aurreko bi hiruhilekoen araberakoa

Ikastetxeek espero dute apirila bukaeran jasoko dituztela ebaluazioari buruzko jarraibide zehatzak Hezkunde Nazionaletik. Oraingoz dakitenaren arabera, hirugarren hiruhilekoan ebaluazioa jarraitua izango da eta ikasturte bukaerako nota zehazteko aurreko bi hiruhilekotan jasotako notak hartuko dira aintzat, hau da, itxialdi garaian egin diren lanak edo egin ez direnak ez dira kontuan hartuko.

Hirugarren hiruhilekoaren notak eman ahalko zaizkie ikasleei, hauei azalduz irakasleen eskakizunetan non kokatzen diren, baina ezingo dira ofizialki kontatu ikasturte osoko notaren kalkuluan.

Baxoa ere azterketarik gabe egingo da

Baxoa ekainaren 17tik 24ra izan behar zen, baina azterketa hauek ere bertan behera geratu dira. Uztailaren 3an bukatuko dira eskolak eta ikasleen dosierrak aztertu ostean, espero da uztailaren 7an jakinaraziko dutela zein ikaslek gainditu duten baxoa eta zeintzuk ez.