argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herria zeharkatuko lukeen AHTa berrabiatzen dabiltzala, mobilizaziora deitu du CADEk
  • Urriaren 20an jakinarazi zuen Jean-Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako departamenduko presidenteak AHT egitasmoak bizirik segitzen duela. Azaroaren 6an elkarretaratzea eginen dute, Euskal Hirigune Elkargoko auzapezei egitasmoa aurkezteko antolatu bileraren kari.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko urriaren 28a

AHT egitasmoa ehortzirik zela uste zen, herritar mugimenduari esker aldekoek makroproiektua abandonatu zutela uste zen. Alta, isilean, diskretuki aitzina egin du eta berriz ere aktualitatean da Ipar Euskal Herria zeharkatuko lukeen AHT makroproiektua.

Makroproiektuaren berri emateko prentsaurrekoa burutu zuen urriaren 20an Jean-Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako departamenduko presidenteak. Nola ez, proiektuaren alde agertu zen, nahiz eta finantziazioari dagokionez desadostasunean izan (%40 Frantziako Estatuak ordainduko luke, %20 Europar Batasunak eta gainerako %40 lekuko erakundeek, hau da, Akitania Berria eskualdeak, departamenduek eta herri elkargoek). Parean, berehala berraktibatu du mobilizazioa CADE ingurumenaren aldeko elkarteak.

Duela aste batzuk jaso zuen departamenduak Baionara eta Pauera ailegatuko litzatekeen AHTaren diruztatze eskaera, 305 milioi eurokoa –130 milioi euro inguru lirateke Euskal Hirigune Elkargoak ordaindu beharrekoa–. Aurreikuspenei segi, 2037rako espero dira Akize-Baiona eta Baiona-Paue bideak, datorren urtean hasiz proiektuaren prestaketa eta 2024an obrak. Alta, ofizialki 2018an jakinarazi zuen Frantziako Estatuko idazkari Emmanuelle Wargonek "indarrean dauden bideak hobetzea eta AHTren berria abian jartzearen asmoa baztertzea" erabaki zuela gobernuak.

CADEren deia

Hori horrela, AHT egitasmoaren kontrako mobilizazioak berriz abiatu ditu CADEk: bilera publikoak, hautetsien interpelazioak eta elkarretaratzeak. Lehena, azaroaren 6an eginen du Baionako Arte Eremuan, hautetsiak interpelatzeko asmoz bideratu elkarretaratzearekin. Egun horretan bilduko auzapezak, egitasmoaren berri jasotzeko. Gaurdanik aurka posizionatzeko eskaera luzatua die CADEk: "Euskal hautetsiak finantzazioaren eta proiektuaren kontra kokatzea litzateke Roussetentzat oztoporik handiena".

Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidentea da, AHTaren defendatzaile sutsua eta azaroaren 6an bertaratuko da, departamenduko prefekturaren ordezkaritzarekin batera.

Betiko zenbakien "manipulazioa"

Txosten ofizialak ikerturik, aldekoen hainbat argudio gezurtatzen dabil CADE. SNCF trenbide sarearen datuen arabera, 2018an 99 tren zebiltzan egunero 264 ibil zitezkeenean. Hori horrela, argi dute: "Bideak bete-beteaz izateaz urrun gara, zifrak manipulatzen dituzte".

AHTrekin bidaiariek denbora irabaziko luketela dion argudioa ere zalantzan jartzen du kolektiboak. Egungo trenbide linearen hobekuntzaren eta AHT bide berri baten artean bakarrik bost minutu irabaziko lirateke Bordeletik Baionara: "Denbora irabazteaz diotena gezurra da".

Nola ez, ingurumenari dagokionez AHTa liratekeen hondamendia ere deitoratzen du CADEk: lurren desagerpena, kutsadura...

 Azaroaren 12an Mugerren bilkura publikoa antolatu du kolektiboak eta hortik aitzina beste herrietan ere bideratuko ditu informazio bilerak.