Abuztuaren 17an hasi dira partidak jokatzen eta irailaren 7an bukatuko dute. Antolatzaileak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea eta Eusko Jaurlaritza dira.
Ondoko zazpi taldeek hartuko dute parte Euro Basque Rugby Challenge ligaxkan: Lapurdiko Angelu, Aviron eta Biarritz; Gipuzkoako Ordizia, Hernani eta Bera Bera; eta Bizkaiko Getxo. Avironek eta Biarritzek bigarren taldeekin jokatuko dute lehen taldeen eta beste taldeen arteko maila-desberdintasuna handia baita.
Gizonezkoetan A eta B multzoak izango dira. A multzoan Avironek, Hernanik eta Getxok jokatuko dute. B multzoan, Biarritzek, Angeluk, Ordiziak eta Bera Berak. Partidak abuztuaren 24an eta 31n izango dira eta multzoen arteko finala irailaren 7an. Emakumezkoek beren liga jokatuko dute.
Kazeta.info hedabideak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzak jaso ditu eta hala dio: “Errugbia oso garrantzitsua izan daiteke lurralde desberdinen arteko elkarlana eta ezagutza bultzatzeko”. Lehenengo aldia da Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbi taldeak elkartzen direla ligaxka jokatzeko.