Herritar txuri batek Irun eta Hendaia arteko muga zeharkatu du oinez birritan: lehenbizikoan ez du eragozpenik izan; bigarrenean, aurpegia beltzez margotu ostean, Poliziak gerarazi du. Askatasunak “berreskuratzeko” euskal errepublikaren ezinbestekotasuna aldarrikatu du mugimenduak.
Martxoaren 18an grabatutako bideoan ikusten da nola zeharkatzen duen gazte txuri batek zubia, arazorik gabe, bertan kokatua dagoen Polizia postuaren ondotik igarota. Hamabost minutu beranduago berriz ere igarotzen du muga, aurpegia beltzez margotuta, eta polizia bat hurbiltzen zaio identifikazio eske.
Muga arrazista bat dugu Euskal Herria erdian. #EuskalErrepublika behar dugu inposatutako muga arrazistak kentzeko.#GuPrestGira pic.twitter.com/OpNePYRfPa
— Ehun #EuskalErrepublika (@ehunduz) March 22, 2022
Azalpen idatzian, Ehun mugimenduak adierazi du Ipar eta Hego Euskal Herria banatzen dituen muga “inposatua” dela, eta terrorismoaren aurkako borroka “aitzakia” hartuta “terroretik ihesi doazen pertsonak” geldiarazten dituztela bertan. Poliziari “ziria” sartuz mugaren izaera “arrazista” salatu nahi izan du Ehunek. Mugimendu herritarrak euskal errepublikaren bitartez “burujabetzak berreskuratzeko” deia egin die herritarrei, eta bide horretan, "Ni prest nago" ekimenean izena emateko.