argia.eus
INPRIMATU
Ipar eta Hego Euskal Herriaren mugetan hamahiru tabako-denda gehiago irekiko ditu Espainiako Estatuak
  • Nafarroan zortzi irekiko ditu eta Gipuzkoan bost, guztiak Irunen. Espainiako Estatuak mugako eremuetarako araudi propioa sortu du: oro har denda batetik bestera 150 metroko distantzia egon behar bada ere, bi administrazioen arteko mugan 25 metroko distantzia-neurria ezarriko da.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 17a

Espainiako Estatuak hamahiru tabako denda berri irekiko ditu Ipar eta Hego Euskal Herriko mugetako herrietan. Horretarako, zonalde horietarako estankoen arteko distantziaren inguruko araudi propioa atera du. Gainontzeko lekuetan denda batetik bestera 150 metroko distantzia egon behar duen bitartean, 25 metro baino ez dira izango mugako herrietan.

Bost denda Gipuzkoan irekiko dituzte, guztiak Irunen. Gainontzeko zortziak, Nafarroan: Dantxarinean bost, Beran bi eta Luzaiden bat. Nafarroako zonalde horretan bikoiztu egingo da denda kopurua, zortzitik hamaseira igarota.

Joera handia dute Iparraldeko mugan bizi direnek Hegoaldera joateko tabakoa erostera. Hamar euro inguru balio ditu pakete batek Iparraldean, Hegoaldean balio duenaren bikoitza. 

Espainiako Estatuan 200 lizentzia berri emango ditu Madrilek. Lizentziak enkante bidez saldu zituen, eta diru gehien eskaintzen zuenari 25 urterako kontzesioa lortzeko aukera eman zion. Hala, Nafarroan bakarrik zortzi milioi eurotik gora bildu ditu Espainiako estatuak.