argia.eus
INPRIMATU
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak irekitzea eskatzeko petizioa abiatu dute
  • 1.800 izenpedura baino gehiago dituzte lorturik eta irekirik da oraindik izenpedura emateko bidea.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 16a

Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean mugitzeko eskubidea urratua izateak "haserrea" eta "harridura" eraginik, mugak zabaltzeko deia luzaturik dute euskal herritar batzuek petizio bidez. Lotura honetara sartuz, eskaera babestu eta eman daiteke izenpedura. "Ehun kilometroko distantzian mugi litezke Ipar Euskal Herriko biztanleak, baina hegoaldera ezin dira joan, muga itxita dagoelako, eta mendebaldera ere ez, itsasoarengatik; beraz, ehun kilometro horiek ez dira errealak. Gainera, gure mugimendu naturala eta harreman sarea Euskal Herrian dago" irakurri daiteke izenpetzeko gutunean.

Muga itxia egoteak langileak, euskal kultura, bertako ekonomia eta gure arteko harreman naturalak kaltetzen dituela azaltzen da testuan.

Frantziako eta Espainiako Gobernuei mugak irekitzea eskatzeaz gain, Euskal Elkargoari, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ere deia luzatzen zaie: "ahalegin honetan bat egitea".