argia.eus
INPRIMATU
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko errepide andana hetsiko ditu Frantziak
  • "Immigrazio klandestinoaren eta terrorismoaren aurkako neurri" gisa aurkeztu du erabakia Pirineo Atlantikoetako prefeturak. Urtarrilaren 14tik aitzina hetsirik egonen dira hainbat errepide, eta ez dute zehaztu noiz arte. EH Bildu eta EH Baik beren haserrea adierazi eta "estatuen borondate uniformatzailea" salatu dute.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko urtarrilaren 13a

Aldi honetan "immigrazio klandestinoaren eta terrorismoaren aurkako neurri" gisa aurkeztu dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko joan-etorriak mugatzeko erabakia. "Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko, Schengen eremuaren barneko mugaz gaindiko zirkulazioaren kontrola beharrezkoa" dugu, Pirineo Atlantikoetako prefeturaren hitzetan.

Hori horrela, urtarrilaren 14tik goiti ondoko errepideak hetsirik izanen dira: Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria; Hendaiako merkantzia zubia; Lizuniagako lepoa; Lizarrietako lepoa; Sarako bidea, Berruet bentaren heinean; Izpegiko lepoa; Aldudeko ibarra eta Iturzaetako lepoa.

Ondoko guneetatik pasatzeko kontseilua eman du prefeturak: Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga; Ibardineko lepoa, Dantxariako muga eta Arnegi.

Etorkinak, jomugan

Etorkinak terrorismoari lotzeko joera hau ez du berria Frantziako Gobernuak. Azkenik, azaroaren 5ean, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, eta orokorkiago Frantzia eta Espainia arteko eremuetan polizia kopurua bikoiztuko zutela erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, "immigrazio klandestinoari" aurre egiteko. Egun batzuk lehenago atentatu bat gertatu zen Nizan, Estatu Islamikoari loturikoa.

EH Bai eta EH Bilduren haserrea

Euskal Herria lotzen duten errepide hauek ixteko erabakiaren atzean "estatuen borondate uniformatzailea" ikusten dutela salatu dute Hego eta Ipar Euskal Herriko koalizio soberanistek. "Mugen itxiera honek, Frantziar eta Espainiar estatuek, Euskal Herriaren barne bizitza baldintzatzeko edo zuzenki eten egiteko duten gaitasuna erakusten" dutela salatu dute EH Baik eta EH Bilduk. "Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotuz", diote. Gogoratu dute ez dela lehen aldia, orain hilabete batzuk bi estatuek mugak itxi zituzten COVID19aren pandemia dela eta baita G7ren karietara ere, euskal herritarrei kalte ugari pairatuz".

Euskal herria "setio egoeran" dela ulertu dute eta horren adierazle dela Baigorriko opor zentroan berriki instalatutako militar kanpalekua. Orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako. "Zer bilatzen dute indar polizial eta militar hedatze horrekin? Beldurra sortu nahi ahal dute bertako herritarrei?", galdetu dute. EH Baik eta EH Bilduk uste dute bi Estatuek beraien izaera uniformizatzailea sendotzeko baliatuko dutela egoera hau. "Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa, etab... eten egingo dizkigute, inposaketaren bitartez". Bestetik, azpimarratu dute erabaki horiek ez dutela ekarriko onurarik euskal herritarrengan.