argia.eus
INPRIMATU
Ione Belarra nafarrak hartuko du Pablo Iglesiasen lekukoa Espainiako ministerioan
  • Ione Belarra (Iruñea, 1987) izango da Espainiako 2030erako Agendaren eta Eskubide Sozialen ministroa, Pablo Iglesiasen lekukoa hartuz.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 17a
Argazkia: IƱigo Uriz

Ione Belarra Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren ministro izendatuko dute, Pablo Iglesiasek Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundetarako hautagaia izateko bere kargua uztea erabaki ondoren. Yolanda Díazek hartuko du Espainiako Gobernuko presidenteordetza eta Belarrak, Eskubide Sozialen ministerioa. Maiatzaren 4an egingo dira erkidegoko hauteskundeak eta apirilaren 20an utziko du kargua Iglesiasek.

Unidas Podemoseko idazkari nagusiak berak egin du Belarra ministro izendatzeko proposamena, azken urteetan konfiantzazko pertsona bilakatu baita. Politikagintzan sartu aurretik, Gizarte Integrazioan graduatu eta zenbait GKErekin aritu zen lanean, esaterako SOS Arrazakeriarekin. Madrilera joan zen Psikologia ikasketak egitera eta 2012an Madrilgo Unibertsitate Autonomoan litzentziatu zen. Fakultate horretan ezagutu zuen gaur egun Berdintasun ministroa den Irene Montero, ia adinkideak baitira. Unibertsitate horretako eta Hezkuntza Ikerketa eta Berrikuntzarako Zentro Nazionaleko ikerlari lanetan ere aritu da.

Belarra Podemoseko kidea izan da hasiera-hasieratik, hain zuzen ere 2014ko udazkenetik, eta gaur egun Estatuko Herritarren Kontseiluko kidea da. 2016tik azken hauteskunde orokorrak arte, Espainiako Kongresuan diputatua izan da. Unidas Podemosen immigrazio arloko bozeramaile moduan ere hasi zen parlamentuan baina Irene Monteroren amatasun bajan, talde parlamentarioko bozeramaile izan zenean nabarmendu zen gehienbat. PSOE eta UPen arteko koalizio gobernuaren akordioaren ostean, Kongresua utzi eta Eskubide Sozialen Bigarren Presidenteordetzaren taldean sartu zen. Agenda 2030ko estatu-idazkari izendatu zuten.

ARGIAn 2017ko apirilean elkarrizketatu genuen Belarra, Espainiako Kongresuko diputatua zela. Besteak beste Altsasuko gazteen kasuaz, Kataluniaz, Nafarroako Gobernuaz eta Podemosen ibilbideaz aritu zen.