argia.eus
INPRIMATU
Ione Belarra aurkeztuko da Podemosen Pablo Iglesias ordezkatzeko
  • Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen ministroa da gaur egun eta, Europa Pressek jakinarazi duenez, Podemoseko buruzagitzan Pablo Iglesias ordezkatzeko prozesura aurkeztuko da nafarra.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko maiatzaren 06a
Belarra Iruñeko Alde Zaharreko Curia kalean. (Arg.: Iñigo Uriz)

Alderdiaren sorreratik dago Belarra (Iruñea, 1981) Podemosen eta egun Nafarroako diputatua da Espainiako Kongresuan eta Eskubide Sozialen ministroa, besteak beste. Kargu hau eskuratu zuen Pablo Iglesiasek gobernua utzi zuenean Madrilgo Erkidegoko hauteskunde kanpainan aritzeko.

Podemosek apur bat gora egin arren emaitzetan, bosgarren alderdi politikoa da orain Madrilen eta Iglesiasek dimititu egin du, emaitzak ez direlako izan esperotakoak eta, berak azaldu duenez, jadanik alderdiarentzat akuilu baino traba bihurtu delako. Aspaldikoa ei da Iglesiasek Podemoseko idazkaritza uzteko asmoa eta alderdian bertan berak esana zuen hurrengo idazkari nagusiak emakumezkoa izan beharko lukeela.

Iglesiasek dimisioa aurkeztu ondoren, idazkaria nagusiaren eskumenak Posemoseko exekutibaren esku geratu dira eta honek gidatu beharko du hautaketa prozesua. Horretarako alderdiko Herritarren Biltzarra egingo da, Vistalegre IV deitutakoa, eta bertan hautatuko dute idazkari nagusi berria.

Orain arte Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko Lan ministroaren izena bakarrik entzun izan da Iglesiasen ordezkapenerako, baina Díaz ez da Podemoseko militantea –bai PCEkoa– eta alderdiaren estatutuen arabera idazkaritza nagusiaren hautagaitza prozesura aurkezteko ezinbestekoa da sei hilabeteko militantzia alderdian.

Belarra Iglesiasen lerrokoa ei da eta beti izan da Iglesias-Montero tandemaren gertukoa; esaterako, Irene Monterok amatasun baja hartu zuenean Espainiako Kongresuan Unidas Podemos taldeko bozeramailea zen eta Belarrak hartu zuen haren lekua. Alderdiko zuzendaritzan dago eta PSOErekin azken urteetan egin diren negoziazio talde gehienetan ere egon ei da; halaber, protagonismo berezia eman zaio konfinamendu garaian onartu zen etxegabetzeen aurkako dekretua ateratzeko bultzadan.

Belarrak psikologia ikasketak egin zituen Madrilen eta ondoren atzera aurrera ibili da Madril eta Nafarroa artean. 2017an honako elkarrizketa egin zion ARGIAk.