argia.eus
INPRIMATU
Paroten baldintzapeko askatasun eskaera aztertuko dute maiatzaren 13an
  • Elkarretaratzea eginen dute egun berean arratsaldeko zazpietan Baionako herriko etxearen aitzinean. Jakes Esnalena berriz maiatzaren 19an aztertuko dute. 32 urte daramatzate preso.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 12a

Bihar aztertuko du seigarren aldikoz Ion Parot preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskaera Pariseko Zigor aplikaziorako auzitegiak. Frantziako Gobernua bake prozesuaren bidean jartzeko asmoz eta Paroten askatasuna exijitzeko, egun berean mobilizatzera deitu du Bake Bidea-k. Baionako herriko etxearen aitzinean eginen dute elkarretaratzea bihar 19:00tan.

Maiatzaren 19an Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaera dute aztertuko eta egun horretan ere mobilizatuko dira. Hitzordua Donibane Lohizuneko Louis XIV plazan jarria du Bake Bidea-k. Esnalek eskatutako bigarren baldintzapeko askatasun galdea aztertuko du Dei Ganberak, Kasazio Auzitegiak presoaren helegitea onarturik (baldintzapean aske uzteko eskaera aztertzeari uko egin zion Parisko Dei Auzitegiak 2020ko irailean, eta horregatik zuen defentsak helegitea ezarri).

Manifestazioa ekainaren 11n

Ondoko hitzordu nagusia ekainaren 11n jarri dute. Manifestazioa eginen dute Baionan Esnal, Parot eta euskal presoen etxeratzea galdetzeko. "Lurralde honen aniztasunaren adierazpen masiboa", bake prozesu honen aldeko "engaiamendu anitza" eta "aintzinatze beharraren adierazpena" izatea nahi dute antolatzaileek.