argia.eus
INPRIMATU
Ion Parot eta Jakes Esnal baldintzapean aske uztea onartu du Parisko Dei Auzitegiak
  • 32 urtez espetxean izan diren bi euskal presoak askatzeko eskaera onartu du Parisko Dei Auzitegiak. Bake Bideak prentsaurrekoa eman ditu ebazpenaren inguruko xehetasunak eta balorazioa: "Etapa bat gainditu dugu".

ARGIA @argia 2022ko irailaren 22a
Uztailaren 23an egindako mobilizazioetako bat (argazkia: Bake Bidea)

Parisko Dei Auzitegiak Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoak baldintzapean libre uzteko defentsaren eskaera onartu duela jakinarazi dute Bakegileek.

32 urte daramatzate preso biek, 71 urtetik gora dituzte, eta defentsako abokatuek haien askatasuna hainbat aldiz eskatu izan duten arren, fiskaltzak behin eta berriz oztopatu du hori. Uztailean zuten auzitegi aurrean zita, baina prokuadoreak helegitea jarri ondoren ostegun honetara arte atzeratu da erabakia.

Esnalen eta Paroten askatasuna eskatzeko makina bat mobilizazio eta protesta antolatu izan dituzte herri mugimenduko eragileek azkenaldian, uztailaren 23an egindako blokeo eguna kasu.

Bake Bideak: "Honek bidea erraztu behar du"

Bake Bideen zaintza taldeak prentsaurreko batean eman du Parisko Dei Auzitegiaren erabakiaren inguruko bere balorazioa: "Hainbeste itxoraten genuen erabakia iritsi zaigu gaur. Egungo egoera kontutan hartzen duen erabaki judizial hori txalatzen dugu. Eskertzekoa da, ere, gizarte zibilak urtez urte determinazio handiz eramandako lana eta abokatuen determinazioa", azaldu dute.

Bakegileek 2011ko Aieteko konferentziatik gaur egunera arte emandako urratsen errepasoa egin dute eta azaldu dute Parot eta Esnal libre geratzearekin "etapa bat gainditu" dela, baina ez dela amaitu: "Gure lana bururaino eraman behar dugu", adierazi dute.

Hala, Frantziako eta Espainiako Estatuak interpelatu dituzte, "bake prozesuan aktiboki inplikatu daitezen2.

Bake Bideak deituta elkarretaratzeak zeuden deituta ostegun iluntzerako Ipar Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, eta horiek mantendu egin ditu erakundeak.