Zigor Ezarpenerako Auzitegiak Ion Parot euskal presoa baldintzapean askatzea onartu du, baina oraingoz ez da hala izango, fiskaltzak helegitea jarri diolako erabakiari. "Itsutasun sektarioak jota" eta "euskal auziaren berezitasuna kontuan hartzen ez duen segurtasun-ideologia batean sarturik" egotea egotzi dio Bake Bideak Parisi.
Auzitegiak galdea onartu bezain laster jarri du prokuradoreak –fiskal antiterrroristak– Ion Parot euskal presoa baldintzapean aske uzteko erabakiaren kontrako helegitea. Parisko Zigor Ezarpenerako Auzitegiak emandako urratsa ezerezean geratu da oraingoz eta Parotek espetxean segi beharko du beraz. 32 urte daramatza egoera horretan eta seigarren aldia da defentsak bere askatasuna eskatzen duena.
Bake Bideak azaldu duenez "helegite hau ulertezina da eta are jasanezinagoa, 71 urte dituen eta bizitza erdia presondegian pasa duen eta bere askatasunak inongo arriskurik ondorioztatzen ez duen presoarekiko jazarpen sentimendua bereganatzen duelako".
Uztailaren 23an blokeo masiboa Ipar Euskal Herrian
Euskal presoen eskubideen defentsan eta bakerako aterabide baten alde lanean ari den Bake Bideak mobilizazio garrantzitsua iragarri du: "Gaurdanik iragartzen dugu, magistratuak Jonen egoerari aterabide bat eman ordez noraez batean direnez, eta Estatu buruak eta bere gobernuak ez dutenez bake prozesua kontuan hartzen, uztailaren 23an Ipar Euskal Herri osoa blokeatuko dugula!".