Etxeratek jakinarazi duenez, ostegun goizaldean atera da Mureteko espetxetik 71 urteko Ion Kepa Parot preso baionarra. Etxean segituko du zigorra betetzen, kontrolerako eskumuturreko elektronikoa jarrita. Horrela urtebete egin ostean baldintzapeko askasuna lortuko luke Parotek.
Parisko Dei Auzitegiak Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoak baldintzapean libre uzteko defentsaren eskaera onartu zuela jakinarazi zuten Bakegileek irailaren 22an. Eta hala, ostegun goizean, Ion Kepa Parot preso politikoa Muret espetxetik atera da, 32 urte giltzaperatuta egon ostean. Etxeratek azpimarratu duenez, "Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak, erakunde eta herritarren bultzadak zerikusi handia izan du Paroten askatasuna lortzeko". Izan ere, defentsako abokatuek bere askatasuna hainbat aldiz eskatu izan duten arren, fiskaltzak behin eta berriz oztopatu izan du. Orotara sei eskaera egin behar izan ditu, azkenean, epaitegien baiezkoa eskuratu arte.
1990ean atxilotu zuten Parot, beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoko kideak izatea leporatuta. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten, Jakes Esnal eta Frederik Xistor Haranbururi bezala. Paroten kasuan, espetxealdiaren hamabosgarren urtetik aurrera zuen aukera baldintzapean aske geratzea eskatzen hasteko. Haranburu 2020ko azaroan gelditu zen aske, baldintzapean. Esnal ondoko egunetan ateratzekoa da. Unai Parot, Ion Kepa Paroten anaia da epai hartatik kartzelan jarraituko duen bakarra, baita azken preso lapurtarra ere.