argia.eus
INPRIMATU
Ion Aranburuk jasandako eraso faxista salatu dute ehunka lagunek Donostian
  • Antiguako auzoan egin dute elkarretaratzea. Eraso faxista aurrez prestatuta eta antolatuta zegoela salatu dute eta komunikabide eta Espainiako Poliziaren jarrera seinalatu. Bertan zeuden lagunen arabera, 70-80 pertsonak gauzatu zuten erasoa.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 16a

Ion Aranburu donostiarrak Sorian (Espainiako Estatua) jasandako eraso faxista gaitzetsi dute ehunka lagunek Antiguako auzoan (Donostia). Azaldu dute Ionek koma egoeran oso larri jarraitzen duela, Burgosko ospitalean.

Familia eta lagunen esanetan, 70-80 pertsona inguruk gauzatu zuten erasoa, Numancia eta Cornella arteko futbol partidua baino lehen. Futbol zelaitik gertu zegoen taberna batean autobusetik jaitsi eta harriak eta botilak bota zizkieten bertan zeudenei. Bertan zeuden lagunen arabera, Soria, Zaragoza eta Madrilgo faxistek gauzatu zuten erasoa. Horregatik, “prestatutako eta antolatutako” eraso faxista izan zela azpimarratu dute, futbolarekin zerikusirik ez duena.

Komunikabideen jarrera ere salatu dute, izan ere, Soriako hainbat komunikabidek zaleen arteko borroka izan zela azaldu dute, "benetan gertatu zena alboratuz". Bide batez, Espainiako Poliziaren jarrera ere arbuiatu dute, erasoa gelditu nahi zutenen aurka oldartu baitzen.