argia.eus
INPRIMATU
Inurri Atomikoak laukoiztu egin nahi du
  • Iruñeko La Hormiga Atómica (Inurri Atomikoa) kafetegi liburudendak 2007an ireki zituen ateak Kuria kaleko 4.ean. Hastapenean, liburuen bidez hiriko politikan eragiteko asmoz jaiotako proiektua harago joan da, ordea; eta egun, askoz funtzio gehiago betetzen ditu Iruñeko bihotzean kokatutako lokalak.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 25a
Iruñeko erdigunean kokatutako La Hormiga Atómica kafetegi-liburudenda soziala lokal handiago batera lekualdatuko da.

Kafetegiaz gain, erabilera anitzerako aretoa dute eta apurka zentro sozialaren itxura hartu du, orotariko hitzaldi, tailer, errezitaldi, esposizio, jardunaldi, aurkezpen, kontzertu eta ekimenak egin baitira bertan.

Baina txiki geratu da, eta Kale Nagusiko espazio handiago batera lekualdatzeko asmoa agertu dute. Horretarako, finantzazio kolektiboa edo crowdfunding kanpaina abiatu dute “urratsez - urrats irudimen politikoa uztartzeko gune berri baterantz” goiburu hartuta.  Jendearen ekarpen ekonomikoaz gain, lokala atontzeko eskulana eta itzulpengintza edo web diseinuan jakintza duen jendearen laguntza eskatu dituzte.

Lokal berri horrek subjektu anitzen topaleku eta eztabaidak aberasteko, zein tresna dialektikoak zorrozteko leku izan nahi du. Izan ere, Iruñean zentsura publikoa dela medio, halako espazioen falta nabaria dago eta hutsune hori bete asmoz eraldatu nahi dute oraingo inurritegia.

La Hormiga Atómicako kideek jendarte eraldaketarako tresna bihurtu nahi dute espazio berria. Haiek dioten gisan “birika sozial bat Iruñeko Alde Zaharraren erdian, esperimentazio askerako laborategi bat”.

Orain jatetxea ere bai

Egungo lokalak 170 metro koadro ditu eta berriak ia 800 izanen ditu. Aurrekoak bezala, kafetegia, liburu-denda eta jarduera ugari egiteko aretoa bilduko ditu; eta nobedade gisa, jatetxea gehituko zaio. La Hormiga Atómicako kide Hedoi Etxartek Euskalerria Irratian azaldu duenez, “lasai egoteko tokia izanen da, gertuko produktuak, jaki ekologikoak, bidezko merkataritzako gauzak prezio herrikoietan jateko aukera eskainiko dituena”.

Bestalde, erabilera anitzeko gelak 140 metro karratu izanen ditu eta bertan, orain arteko lokalean egiten ziren jarduerez gain, proiekzioak, antzerkia edota performanceak egiteko aukera egonen da. Gaur egun ez ditu horretarako beharrezkoak diren gutxienezko baldintzak betetzen, eta horregatik jarri dute martxan laguntza kanpaina.

Hirian bere txokoa egin duen gai sozial eta politikoetan espezializatutako liburutegia mantendu eta edukiak hirukoizteko asmoa agertu dute kideek.

Berriztatze eta egokitze fasean dagoen lokala urte amaierarako irekitzea aurreikusi dute.

Crowdfunding kanpainako orrialdean eta Ateak Irekikoek eginiko bideo honetan azaltzen dira egitasmoaren xehetasun guztiak.