argia.eus
INPRIMATU
Inurri Atomikoak 16.000 euro lortu ditu jada eraikin berrira lekualdatzeko
  • Iruñeko Alde Zaharrean kokatutako La Hormiga Atómica (Inurri Atomikoa) kafetegi liburudendak 16.000 euro baino gehiago lortu ditu jada crowdfunding bidez. Espazio zabalago batera aldatzeko abiatu dute auzolan eta finantzazio kanpaina.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 05
Mutaziorako garaia iritsi dela esan dute Hormiga Atómicako kideek

La Hormigako kideek adierazi bezala, Inurri Atomikoa laukoiztu nahi dute eta proiektu berria martxan jartzeko 20.000 euro behar dituzte gutxienez. Hala ere, lokala behar bezala atontzeko 40.100 euro lortzea da asmoa. Oraingoz, 16.200 euroko ekarpena egin dute egitasmoa babesten duten 198 herritarrek eta trukean hainbat produktu eta zerbitzu jasoko dituzte.

Finantziazio ekonomikoaz gain, lokala egokitzeko eskulana eta itzulpengintza edo web diseinuan jakintza duen jendearen laguntza eskatu dute. Abuztuan hasi zituzten obrak eta lan asko dute aurretik; beraz, inurri taldeak osatu eta auzolanaren bidez lana banatzeko proposatu dute.

Azken bi asteburuetan auzolanak antolatu dira erabilera anitzeko gela prestatzeko eta azaro amaiera bitartean gehiago egitea aurreikusten dute. Larunbatetan burutu nahi dituzte talde lanak, laguntzeko prest dagoen orok 948 225520 telefonora deitu edo info@lahormigaatomica.net helbidera idatzi dezala eskatu dute.

Bideo honek elkarlanera hurbildu den jendearen adierazpenak biltzen ditu eta denek azpimarratzen dute lokala ikaragarria iruditu zaiela, oso handia eta ederra, lekuari zuku asko ateratzeko modukoa. Erronka handia izan arren, halako zerbaiten beharra nabaritzen duen jendeak ilusioz hartuko duen proiektu paregabea dela diote, ametsak gauzatzeko espazioa; “etorkizunerako harrobia”.

 

30.000 liburu, 200 lagunentzako aretoa eta jantokia izanen dituen enpresa politikoa

Kale Nagusiko 54.ean kokatuko den espazio berriak Iruñeko eraldaketa sozialerako beharrezko diren espazio faltari erantzun nahi dio. Proiektua jaio zeneko xedeari eutsiz, liburuen bidez eragiten jarraitu nahi dute eta hori sustatzeko oraingo 7.000 liburuak 30.000 aletan bihurtu nahi dituzte.

Beste berrikuntzetako bat erabilera anitzeko gela izanen da, 140 metro karratu eta 200 lagunentzako lekua duen areto handia. Bertan, orotariko ekintzak egin nahi dira:  hitzaldi, tailer, kontzertu, aurkezpen, batzar, proiekzio, ikuskizun, performanceak eta abar.

Kafetegiaz gain, gertuko produktuak, jaki ekologikoak eta bidezko merkataritzako ekoizkinak prezio herrikoietan jateko aukera eskainiko dituen jantokia hartuko du eraikinak.

Nagusirik gabe, lana modu horizontalean antolatzen duten berdinen arteko kooperatiba osatzen dute. Baina enpresa politiko gisa definitzen dute euren burua liburudendaren eta kafetegiaren etekinak ekintza politikoetara bideratzen baitira: kanpainak, afixak, ekitaldiak, bertako proiektuak. Euren hitzetan, “enpresa politiko indartsu bati esker eraikin handi bat izan dezakegu hiriko mugimenduentzat eskuragarri”.