argia.eus
INPRIMATU
Intxaur likorea Jupiterri begira
  • Jupiter bere edertasun gorenean ibiliko zaigu abuztuko gauetan. Oposizioan izango da; hau da, bere itxurazko posizioa dela-eta gau guztian ikusi ahalko da eta Lurretik hurbilen dagoen sasoia da. Hartu prismatikoak eta ezagutu bere sateliteak. Gozatu!

Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 22a

Jupiter jainkoak bazuen ezkurra. Izan ere hitz bera erabiltzen da latinez ezkurra eta zakil- edo klitoris-mokoa esateko. Etimologiazaleen artean badago mokokada politik. Gehienek diote intxaurrondoaren (Juglans regia) Juglans izena, latineko Jovis glans hitzetatik datorrela, hau da, Jupiter bezalako jainko batentzako moduko ezkurra edo alea. Iaz duela bi mila urte hildako Marcus Verrius Flaccus hiztegigile eta poeta erromatarrak zioen jainkoak bakean uzteko. Intxaurrondoaren fruituari zokolina kendu eta geratzen den intxaurrak lepo edo ertz mehe batek elkarturiko bi erditan banatua du azala. Horrexegatik erraz hausten da. Gure Marcusek “iugulandam”, eztarria moztu behar zaiona, esaten zion. Agi danean, burua eta soina ia bereizita dauden lepoa gogora zekarkion intxaurraren ertzatxo horrek. Eta Juglans izenak “iugum glans” duela jatorri zion, hau da, lepoko ezkurra edo ezkur jugularra.

Hizkuntzalarien zipoak utzi eta goazen gozatzera. Berde daude oraintxe intxaur aleak, sokotena guri-guri. Koskan horri heltzen badiozu natoa egingo dizu, hortik nato ere esaten zaio. Arbolaren alde berde guztiek bezala natoak juglona du, eta tinteak, margoak, kosmetikoak eta jakiak egiteko erabiltzen da. Nato zikinak sortzen dituen juglona horrek edariak ere ederki belzten ditu. Iluntzeaz gain mikatz punttu dotorea eransten die. Goza dezagun horiekin.

Ardo suspergarri ederra egiten da 50 gramo hosto edo zokolin berde litro bat ardotan jarrita. Zortzigarren egunerako zurruterako pronto egongo da.

Uxualari intxaur berde ale batzuk eta belarrak nahastuta toki askotan egiten dira edari biziak. Horietakoa da katalanen ratafia ezaguna.

Italian intxaur ale berdearekin soilik egiten da “nocino” esaten dioten edari bizi-bizia. Hartu 7-9 ale eta laurdenduta jarri litro bat alkoholetan, erantsi zuritutako limoi bat, kanela makila bat eta nahi diren usain-landareak. Jarri beirazko ontzi handi samar batean eta itxi tankan hermetikoki. Jarri ontzia eguzkitan eta astindu tarteka. 5-7 asterako egina egongo da. Iragazi, eta urardotu azukre-ura gehituz nahi dugun alkohol graduraino.  

Garai batean udako solstizioko gauean biltzen omen zituzten sorginek intxaurrak arboletara hanka hutsik igota. Sorginak ziren, noski, denen gustuko horrelako edariak egiteko jakintza zutenak. Sentitu zaitez zeu ere sorgin, egin ezazu intxaur-likorea eta, Jupiter planetaren abuztuko agerraldi dotorean zintzurra bustiz, xurrut, gozatu.