Intsusa lore edariak

  • Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.

Intsusa beltzaren lorea. Argazkia: Jakoba Errekondo.

2024ko maiatzaren 06an - 06:00

Intsusa edo sabuka (Sambucus nigra) loratzen ari da eta bere loreak hedatzen duen lurrin ezin ederragoa, ezin xaloagoa ez baduzu ezagutzen, utzi pantailari begiratzeari eta abiatu intsusaren buskara. Maiatzeko lana da intsusaratzea, hor egingo duzu topo erle, liztortxo, euli, tximeleta eta bere nektarraren zale saldoarekin. Udaberri bete-betearekin egingo duzu topo. Orain intsusa dirdaitsu dago, lore zurien multzo planoak, korinboak, zerurantz luzatuta dituela. Eta usaina, ummm! Ezin delikatuagoa.

Usain fin eta leun hori jaso nahi badugu, onena edariak egitea da. Erreximenta, marmelada eta abar ere egiten dira, baina lurrina ia erabat galtzen da. Egun eguzkitsuetan bildu behar da lorea, lehorra bada hobe; hezea badago lurrina ahultzen da eta erraz zimeltzen.

Garbiñe Larreak bere Sendabelarrek dakitena liburu zoragarrian “Intsusa lore xanpaina” egitea proposatzen digu. Errezeta erraz eta emaitza fina eta gustagarria duena. Ez dut hemen errepikatuko, liburua eskuratu, mesedez, gehiago idatzi ditzan…

Intsusa beratutako ardoa ere ez da txarra. Litro bete ardo zuri lehorrean beratu sei-zortzi intsusa lore. Egun pare batera loreak atera, zukutu, ardoa oihal mehe batetik iragazi eta botila edo nahi den ontzian jarri, 150 g azukre eta, nahi izatera, 20 cl alkohol edangarri huts edo uxuala erantsi, ondo astindu eta 15 bat egunez utzi etxeko tenperaturan. Kontuz ireki eta gozatu txinparta.

Ardoa berotu daiteke, eta intsusa bezala beste osagai batzuk gehitu, inguruan loretan dauden landareen loreak, hostoak eta haziak, adibidez; baita azukre pixka bat ere. Ardoa berotu, irakin aurretik sua kendu, egun erdiz utzi, ondo iragazi eta botilaratu. Hurrengo egunean bermut ederra izango duzu.

Edari arin eta xaloagoa ere egin dezakezu. Litro bete ura irakin eta zortzi-hamar intsusa loreren gainera bota, limoi baten azala eta zukua erantsi, oihal batekin estali eta egun bat utzi, iragazi, irakin gabe berotu eta 125 g ezti nahastu. Di-da botilaratu, estali eta hoztutakoan hozkailura.

Edana ondo dago, baina orain loreak etxeratzean entsaladari, saltsako edozeri ere gehitu, intsusa loreak ez dizu huts egingo. Altza eta intsuseta(ra)!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-05-20 | Jakoba Errekondo
Marrubiak kantari bildu behar dira

Marrubizalea al zara? Udaberriaren atea irekitzen du marrubiak. Egun bi marrubi talde ezagutzen dira, mailukiak edo basatiak (Fragaria vesca) eta marrubi tzarrak (Fragaria x ananassa). Biak paretsu loratzen dira, udaberriko ekinozioarekin. Aspaldikoak dira gurea baino lurralde... [+]


Oinutsik dabilen ibiltaria

Gertukoa dugu oso bere irudi bitxia: ur gainean flotatuaz, gu txikitan oheko koltxoiaren gainean korrika eta saltoka ibiltzen ginen antzera. Zentzuzkoa da pentsatzea animalien gorputzak uretan hondoratu egiten direla ur-azalean ibiltzen saiatzen direnean, baina zapataria ez da... [+]


2024-05-20 | Garazi Zabaleta
Biezko
“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”

Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu hori ez zitzaidan gustatzen…”, azaldu du ekoizleak. Lekunberrik,... [+]


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


Eguneraketa berriak daude