argia.eus
INPRIMATU
“Intsumisioa gerrei”, aldarrikatu dute ehunka herritarrek Iruñean
  • Ukraina eta Errusiako desertoreak babestu eta militarismo patriarkalaren aurka egin dute manifestariek. Kalera irteteko beharra azpimarratu dute, egin ezean gerraren aitzakian eskubide zibil, politiko eta lan arlokoen murrizketa berriak ezarriko dituztelako agintariek.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 11
Argazkia: ahotsa.info

Gaztelu plazatik abiatu eta Intsumisioaren parkean amaitu da manifestazioa, Iruñeko espetxe zaharraren orubea dena. Bertan hartu dute hitza Aitor Balbás intsumiso preso ohiak eta mugimendu antimilitaristako kide Argiñe Salanuevak.

Gerra sustatzen dutenei obeditzeari uko egiten diotela adierazi dute; biktimen sufrimendua protestatik egin gabe onartzeari ere uko; uko “gure buru eta gorputzak kolonizatzen dituen patriarkatuari”. Exijitu diote Errusiari okupazio indarrak Ukrainatik ateratzea, Ukrainari bere lurraldeko gutxiengoak errespetatzea, eta NATOri inguruko herrialdeak militarizatzen uztea. Europako gobernuei exijitu diete gerrako desertoreei asilo eskaerak onartzea, eta “munduko edozein gerratik” ihesean heltzen diren pertsona guztiak hartzea baldintzarik gabe.

Desertoreak babestu; kalera atera

Manifestazioaren deitzaileek babes berezia agertu diete Ukrainan zein Errusian desertatu duten herritarrei, batetik, eta gerraren aurka ari diren herritar eta mugimenduei, bestetik, bereziki mugimendu feministari eta antimilitaristari. “Ukrainako gerrari men egiten ez diotenei laguntzeko Europako sare bat antolatzeko deia egiten dugu, eta, aukera izan bezain laster, Espainiako eta Europako legeak desobedituko ditugula iragartzen dugu, gure etxeetan desertore errusiarrak eta ukrainarrak hartzeko”.

Herritarrei dei egin diete kaleak hartzera. Bestela, “kapitalismoak” beste behin ere gerra baliatuko duela ohartarazi dute, eskubide zibil eta politikoak zein lan arloko eskubideak are gehiago murrizteko.