"Mozal Lege digitala", "Sanchez dekretua", "Dekretazo digitala"... era ugaritan izendatu dute Espainiako Gobernuari internet zentsuratzeko eskumena ematen dion dekretua. Azaroaren 5ean, hauteskundetarako bost egunen faltan onartu zuten lege dekretu bidez. Asteazken goizean Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean erabaki behar izan dute ea legea balioztatzen zuten ala ez. Alde bozkatu dute PSOE, PP eta Ciudadanosek. Aurka bozkatu dute Euskal Herriko eta Kataluniako indar politikoek, baita Vox-ek ere. Unidas Podemos abstenitu egin da.
"Salbuespen egoera digitala" indarrean jarri nahi duela aurpegiratu dio Sanchezi Mertxe Aizpurua EH Bilduko kideak, eta "mozal legea teknologia berrietara zabaltzea" egotzi dio. EAJko Mikel Legarda diputatuak adierazi du administrazio autonomikoen aurka esku hartzea ekar dezakeela dekretuak eta aurkako botoa eman du. Espainiako Gobernuari eskatu dio egoera ahalik eta lasterren bideratzeko.
Kataluniako ERC eta Junts per Catalunya gogor mintzatu dira, eta adibidez, Generalitateko Politika Digitaletako eta Administrazio Publikoko kontseilari Jordi Puignerók (JxCat) Sanchezi adierazi dio pauso hori eman izana ez zaiola doan aterako. "Gaur mahai gainean harri handia jarri du eta bere inbestidura asko zaildu du".
Podemosek legea kritikatu du, eta ondoren abstenitu egin da, argudiatuz gobernuak adierazi duela moldaketa batzuk sartuko dituela.
Informazio Eskubidearen Defentsarako Plataformak (PDLI gaztelaniazko sigletan) Konstituzio Epaitegian dekretua bertan behera uzteko borrokatuko duela jakinarazi du.
Lege honekin Espainiako Gobernuak, inolako agindu judizialik gabe, herritarren edozein komunikazio bidetan esku-hartzeko eskumena izango du. “Edozein azpiegitura teknologikoren edozein mailatan kudeaketa zuzena”, hitzez hitz.