argia.eus
INPRIMATU
Interneten “ahaztua izateko eskubidea” onartu du Europako Justizia Auzitegiak
  • Google bere erabiltzaileen datu pertsonalen erantzule dela esan du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. "Ahanztura digitala" eskubide gisa aitortua izan dadin urrats garrantzisua da epaia.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 14a
Publikatutako informazioa kaltegarria denean edo “bere funtzioa” bete duenean erabiltzaileak datuok ezabatzeko eskatu ahalko du. (Argazkia: Jesus Diaz)

2010az geroztik dago zabalik sarean ahaztua izateko eskubidearen inguruko auzia. Espainiako Datuen Babeserako Auzitegiak, Mario Costeja abokatu bartzelonarrak jarritako salaketaren bitartekari lana eginaz, zenbait informazio ezabatzeko eskatu zion AEBtako Google enpresari. Enpresak datu horiek ezabatzea “informazio askatasunaren aurkakoa” zela adierazi zuen, eta okerreko informazioa zuzendu nahi bada iturrira jo behar dela esan zuen.

Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi zen auziak Europako bidea hartu zuen. 2013ko ekainean Niilo Jaaskinen auzitegi europarreko abokatuak Googleri eman zion arrazoia: "Kaltetuek hala eskatzen ez bazuten" bilatzaileak ez zuela bilaketen emaitzak ezabatzeko beharrik adierazi zuen.

Orain berriz, asteartean kaleratutako epaiarekin, intimitate eskubidea jarri dute epaileek informazio askatasunaren aurretik, eta “ahaztua izateko eskubidea” onartu dute, zenbait baldintza eta muga ezarrita.

Publikatutako informazioa kaltegarria denean edo “bere funtzioa” bete duenean erabiltzaileak Google enpresari datuok ezabatzeko eskatu ahalko diola ebatzi du Europako Justizia Auzitegiak. Bilatzailea erabiltzen dituen datu pertsonalen erantzule dela zehazten du sententziak. Kasuz kasu aztertu beharko da Googleri eginiko “ezabaketa eskaera” bakoitza, intimitate edo informazio eskubidea urratzen ote duen zehazteko.

Informazio gehiago:

Ahanztura digitalari buruz erreportajea argitaratu genuen ARGIAn 2011. urtean: Google, ez zaitez nirekin akordatu.