Legez kanpoko deskargak egiteko webguneak ixteak ez du ezertarako balio, Bostoneko Northeastern unibertsitateko hainbat ikerlarik argitaratu duten txostenaren arabera. Zenbat eta gehiago zentsuratu, orduan eta atari gehiago zabaltzen dira zeregin horretarako.
"Saguaren eta katuaren arteko jokoa dago edukiak igotzen dituztenen eta copyrightaren jabeen artean" adierazi dute ikerleek. "Gaur egun, piratak ari dira joko hori irabazten, copyrightaren jabeek kendu dezaketena baino askoz eduki gehiago eskaintzen baitute".
FilesTube SEO doako zerbitzu famatua erabili dute ikerketa egiteko. Zerbitzu horren barruan 10.000 webgune desberdin agertzen dira eta ustez denak erabiltzen dira legez kanpoko deskargak egiteko.
Debekuen aurrean deskarga gehiago
Megaupload programaren adibidea erabili dute ikertzaileek deskarga ilegalak “kontrolaezinak” direla frogatzeko. 2012ko urtarrilean itxi zuten atari ospetsua baina, adituen arabera, erabiltzaileek Wupload, Rapidshare eta Mediafire bezalakoetatik deskargatzen dituzte orain pelikula eta telesailak.
Gaineratu dutenez, gero eta azkarragoa da artxibo bat deskargatzea eta zentsuraren aurreko baliabideak eta bideak anitzagoak dira erabiltzaileentzat.