argia.eus
INPRIMATU
Internet modu arduratsuan erabiltzeko ezagutza nahikorik ez duela dio gazteen kasik erdiak
  • Hego Euskal Herriko gurasoen laurden batek baino gehiagok ez du inoiz seme-alabekin internet modu arduratsu eta seguruan erabiltzeko irizpideez hitz egin, inkesta baten arabera. Guraso hainbatek onartu du, hain justu, ez duela horretarako informazio nahikorik. Era berean, 11-15 urteko gazteen kasik erdiak dio ez duela internet modu seguruan erabiltzeari buruzko ezagutzarik, Espainiako Estatuan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abenduaren 06a
Galdekatutako guraso gutxi batzuek diote ikusi dituztela seme-alabak informazio pribatua interneten partekatzen, edota ezezagunekin on-line hitz egiten. Argazkia: Rawpixel.com / Freepik

Gurasoei urrian egindako inkesta kaleratu du zibersegurtasunera dedikatzen den Kaspersky multinazionalak. Datuak Espainiako Estatukoak dira, baina erkidegoka aletutako datuetan Hego Euskal Herriko errealitatea ere ageri da, eta pasa den udan gazteei egin zieten inkestan ateratako ondorioekin ere konparatu dituzte datuak.

Kuriosoa da: gurasoei galdetuz gero, seme-alabak batez ere Youtuben (13 urtera artekoak) eta Whatsappen (14-17 urtekoak) dabiltzala diote; baina haur eta gazteei galdetuta, TikTok da erabiliena. Froga bat gehiago, gurasoek beti ez dakitela zertan dabiltzan seme-alabak interneten dabiltzanean, inkestaren egileen arabera. Nerabeen %76a bakarrik egoten da internet erabiltzen ari denean, ondoan heldurik gabe.

Gurasoek beti ez dakite zertan dabiltzan seme-alabak interneten dabiltzanean, inkestaren egileen arabera

Ezezagunekin txateatzen

Galdekatutako guraso gutxi batzuek diote ikusi dituztela seme-alabak informazio pribatua interneten partekatzen, edota ezezagunekin on-line hitz egiten. Gurasoen %75ak pentsatzen du seme-alabak ez daudela prestatuta edo ez dutela nahikoa ezagutzarik internet modu seguruan erabiltzeko. Ildo berean, 11-15 urteko gazteen kasik erdiak aitortu du ez duela ezagutzarik arlo horretan.

Hego Euskal Herrian zentratuta, gurasoen %75ak (EAEn) eta %67ak (Nafarroan) dio internet modu arduratsu eta seguruan erabiltzeko irizpideez hitz egin dutela haien seme-alabekin; eta hezkuntzan, interneteko segurtasuna landu dutela ikastetxeen %46ak (EAEn) eta %38ak (Nafarroan).

Inkestaren arduradunen arabera, ziberjazarpena, phishing-a (iruzur informatikoa) edo grooming-a (bere burua gazte gisa aurkezten duen heldua, sexu abusuak helburu) ohiko arriskuak dira, eta horien inguruan seme-alabak ohartaraztea, orientatzea, aholkuak ematea eta interneteko erabileran akonpainamendua egitea funtsezkoa da.

Beste hainbat datu ere ematen ditu inkestak. Adibidez, azken urteetan biderkatu egin dela haur eta gazteek interneten igarotzen duten denbora, eta gurasoek interneten pasatzen duten denbora errepikatzen dutela seme-alabek: helduek bi ordu baino gutxiago egiten dituztenean interneten, seme-alaben %80ak ere bi ordu baino gutxiago egiten ditu interneten; eta bi ordu baino gehiago eginez gero, haurren joera ere norabide berean doa.