Jaso dezala eskua Youtuben Txantxangorriaren karaokerako euskal kantaren bat sekula erabili ez duenak. Gure euskal mundu honetan inor gutxi topatuko dugu. 2.200dik gora abesti azpidatzi ditu. Baina nola hasten da norbait horrelako lana hartzen? 37 urtez irakasle aritu da de la Maza, orain hiruzpalau hilabete erretiratu da, eta berak kontatzen du ondoen Txantxangorriaren ibilbidea: “Euskal Girotze Barnetegiak antolatzen hasi zen Hezkuntza Saila B ereduko nerabeak eskolaz kanpo modu informalean euskarara gerturatzeko. Astebeteko barnetegi hauetara gure ikasleekin joaten ginen, eta euskal musika zen nire tresna garrantzitsuetako bat. Youtube sortu aurretik hasi nintzen abestiak karaokeatzen, baina 2008tik aurrera hasi nintzen Youtube-ra igotzen”.
Hamar urte hauetan euskal kantagintzako abesti historikoetatik hasi eta azken berrikuntzetaraino jarri ditu azpidatzita denon eskura.
Gabi de la Mazak ez zuen berehalakoan pentsatuko, ikasleak motibatzeko material hau sortzen hasi zenean, 2017an euskaraz gehien bisitatu den kanala izango zenik!