argia.eus
INPRIMATU
Ohiko salmenta-bideak etenda, Nafarroan internetez hasi dira saltzen elikagai ekologikoak
  • Ohiko salmenta bideak eten dira osasun larrialdiak eraginda eta elikagai ekologikoak ekoizten dituen sektoreak erosleek produktuak etxean jasotzeko modua antolatu du internet bidez.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a
Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak antolatutako azoka. Argazkia: navarraecologica.org.

Gara egunkariak eman du aditzera ekimena. Hiru gune nagusi antolatu dituzte zuzenean erosketak egiteko. Ekoalde Nafarroako ekoizpen ekologikoaren gune logistikoa da eta orain arte denda txikiak, Horeca gunea, elkarteak, eta ikastetxeetako jantokiak hornitu ditu. Hemendik aurrera, Ekoalde webgunearen bidez hiru otar erosteko aukera dago: otar berdea, lurra otarra eta txirrinta otarra.

Geltokik orain arte gune fisikoa izan du salmentarako eta egoera berezi honetan internet bidez batez ere Iruñerrian jakiak banatzeko modua egin du. Webgunearen bidez edo telefonoz egin daitezke eskaerak.

Ekoalderen eta Geltokiren eskaintzez gain, Nafarroan 60 denda ekologiko daude. Horietako batzuek internetez saltzeko modua egin dute egoera bereziari aurre egiteko.

Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dute osasun larrialdiak eta horren ondorengo itxialdiak asko zaildu diela banaketa elikagai ekologiko eta tokikoak produzitzen dituzten ekoizle txikiei. Salmenta bideak eten dira eta negozio txiki eta familiarrak arriskuan daude, ezin baitute haien ekoizpena merkaturatu. Kritikatu dute larrialdi egoeran banaketa kate handiek hartu dutela indarra eta bide horretan nekazaritza ekoizle lokal, ekologiko eta sostengarriek ia ez dutela lekurik.

Horregatik, ez da mota honetako ekimen bakarra. Duela egun batzuk kaleratu genuen moduan, "Baserriko plaza" ekimena jarri dute martxan produktuak herritarrengana iristeko.