argia.eus
INPRIMATU
Internet bidezko plazak, bertsolariek kantuan jarraitu ahal izan dezaten
  • 45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak "egungo egoerara egokitutako bertso plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko". Besteren artean, "Plaza" ekimena jarri du martxan: lotuta zeuden saioak on-line egiteko aukera emango die antolatzaileei. Dagoeneko entzungai dago lehen saioa.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko maiatzaren 04a

Bertsozale Elkartearena den Lanku enpresarekin bertso saioa antolatua zutenei aukera emango diote saio hori on-line egin dadin. "Plaza" izena du egitasmoak eta Bertsozale Elkarteak Villabonan duen egoitzan egingo dituzte grabaketak, beharrezko osasun neurriak hartuta. Saioak bertsoa.eus atarian jartzen dituzten entzungai. Maiatzeko lehen asteburuan egin dituzten aurreneko bi saioak eta ikusentzungai dago horietako bat:

Erandioko Euskaraldiak antolatutakoa: Igor Elortza eta Onintza Enbeita bertsotan, Kike Amonarriz gai-jartzaile.

Denborarekin, herrietako plazak berreskuratzeko asmoa

Martxoan 195 saio zeuden aurreikusiak eta horietatik 53 egin dira. Hortik aurrera, etenda geratu da plazako bertso jarduna: horrek aurreko urteetan baino 400dik gora bertso saio gutxiago ekarriko du eta Bertsozale ElkarteakLankuk zenbaki hau eman du bertso plazek sortzen duten jardera ekonomikoaz: guztira 385.000 euroko galerak aurreikusi direla.

Aurrerantzean herrietan saioak egiteko aukera aztertuko du Bertsozale Elkarteak, "konfinamendu aginduen arabera beti ere". Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean. 

Bertan behera geratu diren Bertsozale Elkartearen ekimenak

Hainbat jarduera bertan behera geratu direnez, Bertsozale Elkarteak 2020ko bere egitasmoa eta aurrekontua egokitu egin ditu. Hauek dira bertan behera geratu diren ekimenak: Bertso Udalekuak eta barnetegiak; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!; Bertso Eskolen Egunak; Bertsulari Ttiki, eta Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.