Bilboko abokatu batek 150 euroko ordainketa eskatu dio laudioarrari film bat deskargatzeagatik, epaitegian ez salatzearen truke.
Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
Internet bidez egindako deskarga batek 150 euroko kalte-ordaina edo epaiketa ekar liezaioke laudioar bati. Ekainaren hasieran jaso zuen laudioarrak eskutitza, Bilboko abokatu baten partez; eta jakinarazi dio salaketa jarriko duela bere aurka epaitegian 150 euro ez badizkio ordaintzen. Bost eguneko epea eman dio horretarako.
Abokatuak eskutitza baliatu du azaltzeko Kaliforniako Productions LLC kontratatu duela. Ondorioz, 2018an P2P programa baliatuta -BitTorrent- fitxategi bat deskargatzea leporatu dio. Horretarako, bere IPa identifikatu dute, Euskaltel enpresari galdetu ostean.
Abokatuak bere bezeroaren jabego intelektualaren kontrako delitua egotzi dio aiaraldearrari; eta kontu korrontea eman dio 150 euro horiek sartu ditzan, epaiketa ekiditeko. Laudioarrak aipatu du, antza, antzeko 300 eskutitz zabaldu dituztela Bizkaian. Hori dela eta, egoera berean dauden herritarrei defensaeuskaltel@gmail.com helbidera idazteko gonbita luzatu die, kaltetuen plataformarekin harremanetan jartzeko.