argia.eus
INPRIMATU
Internazional Progresista sortu dute besteak beste Chomsky, Varoufakis eta Kleinek
  • Munduko 40 intelektualek, DiEM25 mugimenduak eta Sanders Institutuak sortu dute Internazional Progresista. Helburua da demokraziaren, elkartasunaren, berdintasunaren eta jasangarritasunaren alde ari diren ekintzaileak, elkarteak, sindikatuak, gizarte mugimenduak eta alderdiak batu, koordinatu eta mobilizatzea.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 11
Naomi Klein, Internazional Progresista egitasmoaren bultzatzaileetako bat.

DiEM25 (Democracy in Europe Movement 2025) mugaz gaindiko mugimendu demokratiko paneuroparra da. Sanders Institutua 2017an fundatu zuen Jane Sandersek. Bernie Sanders AEBetako senatari demokrata Janeren senarra da. 40tik gora intelektualek babestu dute egitasmoa, tartean dira Noam Chomsky, Naomi Klein, Yanis Varoufakis eta Fernando Haddad.

DiEM25 mugimenduak eta Sanders Institutuak adierazi dute autoritarismoaren aurrerakadaren aurrean indarrak batzea erabaki dutela; osasun krisiak eta ondorengo krisi ekonomikoak beharrezko egin duela munduko indar progresistak elkartzea ongizate estatua, lan eskubideak eta herrialdeen arteko kooperazioa defendatzeko eta mantentzeko. Mundu demokratikoagoa, parekideagoa, ekologistagoa eta baketsuagoa finkatu behar dela diote. Ekonomia kolaboratiboak lehentasuna izan behar duela azpimarratu dute.

Webgunea abian jarri dute eta nahi duenak eman dezake izena partaide izateko. Ekarpen ekonomikoak egitasmoarekin bat egiten dutenen eskutik datoz eta donazio bidez. Irailean, Islandiako hiriburuan, herrialdeko lehen ministro Katrín Jakobsdóttir-en alderdiak antolatuko du biltzarra eta datorren urterako asmoak zehaztuko dituzte.