Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?
Bi urtetan etengabe aritu da interes tasak igotzen Europako Banku Zentrala (EBZ): 2022ko uztailean %0an zeuden eta orain %4,5ean. Dirua garestitzeko neurri hori ezarri du Christine Lagarde buru duen finantza erakundeak, ekonomia hoztu eta inflazioari aurre egiteko aitzakiarekin, eta ordainetan, herritarren poltsikoak hustu ditu, hipotekak eta kredituak askoz garestiago egon baitira.
Orain, austeritate politika kaltegarri eta desegoki hori –inflazioaren gorakada lotuago baitago merkatuaren botila-lepoekin, kontsumo eskariarekin baino– aldatu eta interes tasak jaitsiko dituela iragarri du EBZk. Ezustekorik ezean, %0,25eko jaitsiera besterik ez da izango, eta ikusteke dago aurrera begira jaitsiera gehiago egongo ote diren.
Nolanahi ere, etxebizitzen prezioan eta hipoteketan jadanik ari da eragina izaten. Euriborrak behera egin du azkenaldian, EBZren iragarpenaren atarian, eta horrek ekarri du gero eta herritar gehiagok eskatzea hipoteka, eta etxebizitzen salmenta handitzea. Noticias Taldeak emandako datuen arabera, apirilean %46 hazi zen sinaturiko hipoteka kopurua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta saldutako etxebizitzena, %35.
Interes tasen beherakadak etxebizitzen prezioan eragina izatea beste upel bateko sagardoa da. Izan alokairu, bigarren eskuko edo berri, etxebizitzak gero eta karuago daude, eta hala adierazten dute azken datuek ere
Baina horrek etxebizitzen prezioan eragina izatea beste upel bateko sagardoa da. Izan alokairu, bigarren eskuko edo berri, etxebizitzak gero eta karuago daude, eta hala adierazten dute azken datuek ere.
Espainiako Estatistika Institutuaren indizeari kasu eginez gero, etxebizitzen prezioak %6,4 egin du gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2024ko lehen hiruhilekoan, aurreko urtearekin konparatuta, eta Nafarroan, berriz, %7,6. Gorakada hori askoz handiagoa izan da etxebizitza berrien kasuan bigarren eskukoenean baino, baina azkeneko horiek ere asko garestitu dira: %5 inguru.
Gauzak horrela, herritarrek seguruenik orain errazago jo ahal izango dute bankuengana hipoteka baterako dirua eskatzera, baina modu duin batean bizi ahal izateko eskuragarri dauden etxebizitzek jarraitzen dute oso urri izaten Euskal Herrian, larrialdi sozial bat izateraino emantzipatu nahi duten gazteentzat edo euren herri eta auzoetan bizi nahi duten herritarrentzat.