argia.eus
INPRIMATU
Interes tasak %0,50 igo ditu Europako Banku Zentralak, espero zenaren bikoitza
  • Duela aste batzuk iragarritakoaren bikoitza igo ditu interes tasak Europako Banku Zentralak azkenean, %0,50. Hamaika urteko joerari buelta eman eta diru merkea eskaintzeari utziko dio, bere esanetan inflazioaren gorakadarekin eteteko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko uztailaren 21
Luis de Guindos EBZko lehendakariordea eta Christine Lagarde lehendakaria (argazkia: EBZ)

Lehen igoera da hamaika urtean. Duela aste batzuk iragarrita zegoen, baina ordukoan interes tasak %0,25 igoko zirela iragarri zuten ekonomialari eta goi kargu gehienek. Horregatik, sopresan harrapatu ditu askok %,50eko igoera honek. Europako Banku Zentralaren Gobernu Batzordearen bileraren ostean jakinarazi dute eta uztailaren 27tik aurrera sartuko da indarrean.

Interes tasak %0an zeuden 2016az geroztik eta dirua gordailuan lortzeko tasa ere negatiboa izan da azken urte luzeetan. Norabide horrekin hautsi du EBZk eta igoera ez da nolanahikoa izan: uste zenaren bikoitza. Inflazioa %8tik gora jarri da Europar Batasunean, erakunde komunitarioak helburu gisa jarritako %2tik oso urrun, eta beroaldi hori baretzeko modu bezala ikusten dute interes tasak igotzea.

Alderantzizko eragina ere izan dezake interes tasak igotzeak, eta inflazioa gehiago puztu dezake: estatuek gastu publikoarekin interes gehiago ordainduz diru gehiago jarriko lukete zirkulazioan

Inflazioari aurre egiteko neurria dela dio, beraz, Cristine Lagarde buru duen erakundeak, baina ekonomialari eta aditu ugarik uste dute horrek ez duela balio izango, inflazioaren benetako jatorria krisi energetiko eta sistemiko batean oinarriturik baitago, eta inflazioa sintoma bat baino ez da euren ustez. Herrialde kaltetuenak, gainera zor ublikoak itota dabiltzanak izango dira.

Areago, Eduardo Garzon ekonomialari espainiarraren arabera, alderantzizko eragina ere izan dezake interes tasak igotzeak eta inflazioa gehiago puztu dezake: estatuek gastu publikoarekin interes gehiago ordainduz diru gehiago jarriko lukete zirkulazioan, ekonomia gehiago berotuz. Gainera, bono publikoak erosiz etekinak handituko dituzten horiek diru gehien duten herritarrak direla dio, eta neurri "injustu" bat ere bada zentzu horretan, ekonomialariaren aburuz.

AEBetako Erreserba Federalaren Sistemak (FED) berrikitan hartutako neurrien alferrikotasuna jarri du zenbaitek adibidetzat. FEDek %0,75 igo zituen interes tasak, baino oraingoz ez du inolako eraginik izan inflazioan eta %9ra igo da ekainean. Hala ere, AEBetako finantza erakundea aztertzen ari da uztailean %1eko igoera egitea interes tasetan.

EBZk ostegun honetan Estatuen arrisku saria baretzeko mekanismoa ere onartu du, TPI (Transmission Protection Instrument) izenekoa, herrialde batzuen arrisku saria –zor publikoa itzultzeko inbertsiogileek herrialde horrengan duten konfidantza neurtzeko modu bat da– asko hazten bada EBZk neurriak hartuko lituzke mekanismo horrekin.