Asteazken goizean egin du agerraldia Bizkaiko E28 Koordinadorak, eta Bilbao Bizkaia Harro ekimena eta horri egindako boikota hartu dute ahotan. Ekainaren 28rako, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunerako, mobilizazio deialdia ere egin dute.
Bilboko Zirika kulturgunean egin du agerraldia Bizkaiko E28 Koordinadorak, ostegun goizean. Bi gertakari gogoraraziz hartu dute hitza bozeramaileek: duela 50 urte New Yorken gertatutako Stonewalleko erreboltak batetik, eta Francisen hilketa bestetik –orain 40 urte Oreretan Espainiako Polizia Nazional batek hil zuen–.
Gertakariok mahai gainean, mugimenduaren izaera antikapitalista eta errepresioaren aurkakoa azpimarratu dituzte: “Orain dela 50 urte poliziaren basakeriaren aurka jaiki ginela ere oroitzen dugu. Gaur eta hemen ere, errepresio polizialaren aurka irmo agertzen gara (…) Azken finean, subjektu disidenteak jazarri, atxilotu eta torturatzen ditu. Guk argi daukagu, errepresioaren aurrean tinko agertzen gara”. Ondokoa gehitu dute: “Oroitzapen hauek borrokaren oinarria biziberritzen dute. Antikapitalistak gara. Horregatik, E28 koordinadora erakunde ezberdinek bideratu duten instrumentalizazioaren kontra agertzen da, ostadar bandera erabili nahi baitute turismoa handitu eta gure auzoak gentrifikatzeko, Bilbao Bizkaia Pride eredu”.
2009tik, “EAJ-PNV eta Ortzadarrek, LGTB+ mugimenduak alde batera utzita, euren proiektua mantentzea ebatzi zuten momentutik bertatik”, Pridearen kontra agertu izan direla gogorarazi dute. Fenomeno berria izan ez arren, irabazi politiko eta ekonomikoengatik borroka bat bereganatzea ez dela zilegi argudiatu dute, eta adierazi hargatik gaitzesten dutela Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Ortzadarrek kudeatutako Pridea.
Horrez gain, salatu dute Bilbao Bizkaia Harro bezalako ekimenetara dirutza bideratzen den bitartean, nabarmen baxuagoa den aurrekontua eskaintzen zaiola LGTB+ kolektiboari begira benetan garrantzitsuak diren esparruetara: “2018. urtean Bilbao Bizkaia Prideak 60.000 euro baino gehiago jaso zituen Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik; eta aurtengo irailean 70.000 euro baino gehiagoko aurrekontua prestatu dute EPOAren (European Pride Organisers Association) bilera gauzatu ahal izateko. Asteburu biak aintzat hartuta, guztira 130.000 euro baino gehiago gastatu dira, proiektuaren kontra agertzen den kolektibo baten izenean. Euskal Autonomia Erkidegoan LGTB+ komunitateari arreta eskaintzen dion Berdindu! zerbitzu publikoak 175.000 euroko aurrekontua du urtero. Pride-aren asteburuan ikasleentzako aniztasun sexuala lantzeko formazioetan baino diru gehiago xahutzen da”.
Dezenteko diru kopuruaz antolatutako Bilbao Bizkaia Harro ekimeneko ekitaldi batzuk “hutsik egon direla” jakinarazi dute, eta E28 Koordinadorak eginiko boikot deialdiarekin lotu dute. Horren adibide gisa aipatu dute “ekitaldira gonbidatutako zenbait artistak egin duten boikota”. Hala ere, gehienbat “LGTB+ mugimenduek eta beraiekin kidetutako mugimenduek babestu ez duten txakurkeriaren emaitza bezala ulertzen” dutela adierazi dute. Argi mintzatu dira: “Ez feminismoa, ez euskalgintza, ezta aniztasun funtzionala ere, ez daude salgai”.
Bilbao Bizkaia Pridea bezalako “burugabekeriari” aurre egin bazaio, mugimendu sozial ezberdinen arteko elkarlanari esker izan dela jakinarazi dute, “mugimendu sozial ezberdinen arteko borroka eta zaintza sarea berreskuratu eta indartzeko beharra” azpimarratzeko baliatuz unea. “Hain handia den etsaiaren aurrean, aliantza indartsu, kritiko eta intersekzional baten beharra daukagu”.
Koordinadorak argi utzi du: “Gure borroka saltzeko saiakera hauen kontra aurrez-aurre aurkituko gaituzue. Gure beharrizanen alde borrokatzen jarraituko dugu”. Hala bada, ekainaren 28an, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta, mobilizazioa deitzeko ere baliatu dute agerraldia. “LGTB borrokan emandako urte guztiak gogoratzeko eta hau posible egin duten pertsona guztien lekukoa hartzeko” manifestazioa deitu dute Bilbon ostiralean; Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 19:30ean.