Aroztegia proiektuaren aurka kanpaldia burutzen ari direnek kronika hau bidali dute, laugarren egunean:
Aroztegian egiten ari garen akanpada honen laugarren egunera ailegatu gara. Aunitzek uste zuten ekintza sinboliko bat bertzerik ez zela izanen. Aunitzek uste zuten asteburuan nekatu eta etxera joanen ginela. Baina, berriro diogu, ez gaude gauzak bere horretan onartzeko prest. Goizean motozerrekin lanean hasi bezain laster geldiarazi ditugu suntsiketa-lanak. Guardia Zibila isunen mehatxupean etorri bazaigu ere, makinak geldirik mantendu ditugu. Arratsaldeko bortzak aldera, presentzia poliziala igo da eta kanporatze arrisku deialdiari emandako erantzuna izugarria izan da. Eskerrik beroenak akanpada babesten ari diren herritar guztiei. Presentzia polizial hori etengabekoa da; badirudi Palacio de Arozteguia SL-k (nahiz eta enpresa pribatua izan) botere aski duela diru-publikoz hornitzen diren organu polizialak bere interes propioen arabera erabiltzeko, haien zerbitzari pribatuak bailiran, Aroztegiako “segurata pribatuak”.
Hemen gauden bitartean ikusten ari diren sarraskiak sortzen digun amorruak ematen digu indarra. Ehundaka urteko haritzak botatzen ari dira (bi aldiz pentsatu gabe gainera); hondeamakinekin erreka birritan gurutzatzen eta suntsitzen ari dira metro gutxitan; zuhaitzak moztu eta hor berean uzten. Jaten ematen diguten nekazal lurrak zementuz bete nahi dituzte. Nafarroako Gobernuan aldaketa klimatikoaren aitzinean euren “konpromisoa” adierazten duten edo ingurugiroaren defentsan ateratzen diren alderdi horiek berak ari dira proiektu hau ahalbidetzen. Onartezina da ingurugiroa babesten dutela erraten duten alderdi politikoek erakutsi duten jarrera. Batzuk proiektua zuzenki bultzatu eta babesten dute eta bertzeak konplize isilak dira. Horrela defendatzen dute lurra?
Landa-eremua sustatzeko planak, jasangarritasuna... gizartearen larritasunei erantzun nahian zenbait alderdik haien buruari ekologismoaren txapa berdea janzten diote. Haiek sustatutako politikek, ordea, kontrakoa adierazten dute. Hipokresia eta herritarroi gezurra errateko kupida falta. Alderdi horien artean Geroa Bai dago, duela gutxi Geroa Sozialberdea izenez haien burua ezagutzera eman duen alderdia. Geroa sozialberde hori lortzeko bidea al da nekazariei lurrak lapurtzea, nekazaritzarako erabili daitezkeen lurrak golf zelaiak eta urbanizazioak egitera bideratzea edo landa-eremu bizi eta osasuntsu bat bultzatu ordez, turistaz bete eta Nafarroan Bernidorm bat sortzea? Argi dago ezetz. Hemendik eskakizun bat dohakio Geroa Bai alderdiari: Sozialberde abizen hori kendu dezazue zuen izenetik, lotsaren izenean. Hobe duzue zuen buruari Geroa Inposatzailea edo Geroa Suntsitzailea abizenarekin aurkeztu.
Erran gabe doa, Lizarrako TEX enpresak honetan guztian duen erantzukizuna ukaezina dela. Euren langileei agertzen garenean zuzenean euren segurtasun pribatuari, hau da, Guardia Zibilari, abisua pasatzeko agindua eman diete behin eta berriz. Interes ekonomikoa ongizate guztiaren gainetik paratzen duen enpresarik ez dugu nahi Baztaneko lurren gainean. Ohar honen bidez jakinarazi nahiko genieke egunero egingo dutela proiektuaren aurkako mugimenduarekin topo, goizeko lehen ordutik jornada bukaeraraino. Hortaz, eta haien hizkuntza kapitalistan solastatuz, geldialdi horiek suposatu ditzaketen galera ekonomikoak aurreikusiz, obrak bertan-behera uzteko gomendioa luzatu nahi diegu. Herritarrek ez ezik, lurrak ere egiten ari diren suntsiketa etetea eskertuko die seguro.